Maialen Chourraut garaile Krakovian

Txintxarri Aldizkaria 2015eko uztailaren 1a

Sasoi betean ekin dio denboraldiari herriko piraguistak. Europako txapeldun izan zen orain dela aste batzuk Alemanian, eta Polonia konkistatu du orain, Krakoviako Munduko Kopako proba irabazi baitu K1 modalitatean.

Albistea jaso zuenean, San Pedro Jaiak ospatzen ari zen herria. Ekainaren 28an, igandean jokatu zuen Chourrautek Munduko Kopako probaren finala, ostiral horretako sailkapen fasean zortzigarren postuan geratu ostean, penalizazio bat zela medio.

Igandeko finalean argi utzi zuen Maialenek zortzigarren postu hori ez zela erreala, 90 segundo eta 91 ehunekoko marka eginez irabazi zuelako Krakoviako Munduko Kopako proba. Herritarrak baino ia bi segundo gehiago behar izan zituen Corinna Kuhnle austriarrak ibilbidea osatzeko; zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zuen. Podiumeko hirugarren kajoira Ricarda Funk alemaniarra igo zen; Chourrauten markatik hiru segundora geratu zen. Europako txapelketan bigarren izan zen Funk.

Joan den igandean erdietsitako garaipena denboraldiko bigarrena da beraz, orain dela aste batzuk Europako txapelketa irabazi baitzuen Leipzigen (Alemanian). 

Litovskin asteburuan

Txekiar Errepublikan ariko da asteburu honetan herriko piraguista, Munduko Koparen hurrengo proba jokatuko baita Litovskin. Orain arteko emaitzekin jarraitzeko asmoz joango da Chourraut Txekiara.

Rio 2016ko Olinpiar Jokoetarako gero eta gutxiago falta da, baina herritarrak zita horretarako txartela eskuratu behar du lehenago. Horren harira, irailean edukiko du Chourrautek proba erabakior bat. Munduko txapelketan ariko da, Londresen, irailaren 16tik 20ra.