Intzak bi pilota partidu antolatu ditu San Pedro egun honetarako eta biek ikusle andana erakarri dute Loidibarrenera. 11:30ean bikote jubenilen txanda izan da: Matxain eta Bikuñak Oyarbide eta Otañoren aurka neurtu dituzte indarrak. Intzako Joxe Felix Solanoren hitzetan partida ederra eskaini dute gaztetxoek eta 15-22ko emaitzarekin aurre hartu dute Bikuña eta Oyarbidek.
Jubenilen norgehiagoka bukatu bezain pronto hasi dira eliteko bikoteak. Saralegik eta Elolak Arteaga eta Gorrotxategi izan dituzte parean. Arteaga eta Gorrotxategik osatutako bikotea izan da garaile partida polita eskaini ostean. 22-19ko emaitzarekin bukatu arren, bi bikoteak oso ondo aritu dira Intzako kidearen ustetan. 16-6 aurreratu dira Arteaga eta Gorrotxategi baina 19na berdintzea lortu dute eta hortik aurrera tantoak oso borrokatuak izan dira. Azkenean, urdinentzat izanda garaipena.
Ikuskizuna bikaina izan dela azpimarratu nahi izan du Solanok eta herritarrek txalo zaparrada luzeekin eskertu dute pilotariek egindako lana.