Musikak eta danbor hotsek girotu dute igande gaua

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 29a

Beteranoen danborradak girotu du herria gaur gauean zehar. Danbor hotsez gain ordea, beste zenbait estilotako musika ekarri dute Bihotzkada, Rok Kam Broom eta Erokomeri taldeek. Bien bitartean, gaztetxoek zezen suzkoaren aurrean egin dute lasterka.

Candido Pecharroman herritarrak gaurkoan jo du bere azken danborrada. Omenaldi xumea egin dio ATLO elkarteak ekitaldiari hasiera eman aurretik. Benjamin Gorostegi eta Txema Berasategi ere igo dira oholtza gainera omenduak izateko; 30 urte daramatzate danborradan parte hartzen. Candidok utzi egin ditu danborra eta makilak, baina etorkizuna bermatuta dauka danborradak, guztira ia 200 herritarrek astindu baitituzte danborrak gauean zehar.

Okendo plazan hasi da ekitaldia, gaueko hamaiketan. Hainbat herritar hurbildu dira danborradaz gozatzera, eta ez dira damutu, oso maila ona erakutsi baitute danborra jotzen aritu diren 200 herritar horiek. Ondoren, herriko kaleetan barrena abiatu dira, ikusleak segika zituztela. 01:30ean amaitu da ekitaldia, baina hori baino lehen udaletxe zaharrean geldialdia egin dute hainbat pieza jotzeko, udaleko hainbat ordezkariren begiradapean.

Kontzertuak Okendon

Danbor hotsez gain, hainbat estilotako musikaz gozatu dute herritarrek Okendo plazan. Bihotzkada, Rok Kam Broom eta Erokomeri taldeen eskutik, gaueko ordu txikietara arte luzatu du parranda batek baino gehiagok. 

Kale Nagusian berriz, bolbora usaina eta kea izan dira nagusi. Zezen suzkoa ibili da kalean zehar korrika. Lasterka egin dute baita ere hainbat gaztetxok, adarkada bat jasotzetik libratu nahian.