Musika eta sua nagusi

Txintxarri Aldizkaria 2015ko eka. 28a, 04:45
Gatibu, Ze Esatek!, Azabache, zezen suzkoa eta 'La Locomotora del infierno'... ederki gozatu dute gazte eta helduek musika estilo ezberdin eta Kale Nagusian izan diren su ikuskizunekin.

Hala ere, arratsaldea amaitzear zela, Amaia Gonzalez Caballeroren ikasleen ikuskizuna izan da Manuel Lekuonan. Bertan estilo ezberdinetako dantzak ikusi ahal izan dira. Haur, gazte eta helduek gorputza erritmoz betea dutela erakutsi dute. Ikusleek aretoa bete dute eta dantzari guztiak ederki animatu dituzte.

Etxeko txikienek ere Kiki, Koko eta Moko pailazoekin gozatzeko aukera izan dute. 'Turututu pailazo bihurtu' ikuskizunean haurrek ere parte hartu dute eta pailazo nola bihurtu ikasi dute.

Eskoziar talde berezi bat ere etorri da gure kaleak konkistatzera. The McKensy's claneko lagunek musika eskoziarra eta umorea ekarri dute gure herriko kaleetara.

Gauean, aipatu legez, musika eta sua izan dira nagusi.

Gatibuk eta Ze esatek!! taldeen kontzertuek Okendo plaza dantzan jarri dute.

Alex Sarduik zuzentzen duen taldeak bere diskografiaren errepasoa egin du. 'Bang bang txik txiki bang bang', 'Bizitzeko gogoa', 'Egun bat', 'Kalekatue', 'Zeu, zeu zeu'... abestu eta dantzatu ditu Okendo plazan bildu direnek. Xirimiri elkarteari keinu bat egin dio talde bizkaitarrak. Amaitzeko Euritan dantza, Gabak zerueri begire eta Biyotza suten eskaini dituzte.

Ze Esatek! taldearen ska doinuek ere dantzan eta saltoka jarri dituzte gazte, zein helduak. Doinu erritmikoak eta aldarrikapenez betetako hitzek hartu dute plaza. Hala nola, AHTaren edo errauskailuaren aurka edo euskararen alde. Bertsioak ere egin dituzte, 'I'm walking on sunshine' abestiarena esate baterako.

Isla plazan berriz, Azabache orkestraren eskutik dantzatzeko doinuak entzun dira. Pasodoble, mariatxi... ederki dantzatu dute bertan ziren herritarrek.

Zezen suzkoarekin ederki ibili dira gazteak korrika eta 'La Locomotora del infierno' ikuskizunerako prestatzeko aukera eman die. 

Izan ere, lokomotora berezia izan da Kale Nagusian barrena ibili dena. Lokomotorako gidari eta haren lagunek kalea su, txinparta eta eztandaz bete dute. Gazte eta helduak korrika egin edo suaren azpitik igaro ahal izan dira.

Gaueko argazki eta bideoak gure galerietan.