Bazkari herrikoi jendetsua Tximistarreta parkean

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 27a

Eguraldia lagun, hainbat koadrila bildu dira Tximistarreta parkean, Sorgin Jaiak-ek antolatutako bazkari herrikoian. Parrillak elkarbanatu dituzte herritarrek; janari goxoa dastatu eta gero 'Ezten giro' erromeria taldearen abestiekin dantzatu dute, bazkaria jaisteko. Hori baino lehen, hainbat lasarteoriatar bildu dira Euskal presoei 'momentikoa' eskaintzeko. Sare taldeak antolatu du ekintza hori.elkarta

Koadrilek ez dute aukera galdu nahi izan eta Tximistarreta parkera igo dira, giro ederrean bazkari legea egiteko. Egurrezko mahai batzuk badaude bertan, baina 11:30etarako hartuta zeuden denak. Hori ez da arazo izan hala ere, antolatzaileek hainbat mahai eta aulki eraman baitituzte, herritar guztiei bazkaltzeko aukera emanez. Mahai eta aulki baino parrilla gutxiago zeuden, baina parkera bertaratutakoek ez dute arazorik izan horiek partekatzeko.

Bazkalostean, 'Ezten giro' erromeriaren emanaldiaz gozatu dute. Hainbat animatu dira musikarien erritmoan dantzatzera, bazkaria jaisteko. Giro ona izan da nagusi Tximistarretan.

Euskal presoen 'momentikoa'

Giro onaz hitz egiten hasita, bazkari herrikoia hasi baino ordu erdi lehenago, 13:30ean, herritar talde bat batu da Okendo plazan, euskal presoei 'momentikoa' eskaintzeko. Sare taldeak antolatu du ekitaldia, eta bertako kide den Martin Ansok azaldu du zertan datzan momentiko horrek: "San Ferminetan du jatorria; festaren erdian isilune magiko bat sortzen da, santuari jota kantatzen diotenean. Horiek dira momentikoak, festaren erdian sortzen diren une magiko eta bereziak. Horregatik izendatu dugu ekitaldi hau horrela, gure herriko festen erdian euskal presoekin eta haien senideekin bat egin nahi dugulako".

Jaione Txapartegi Sareko kideak hausnarketa moduko bat plazaratu du gero: "Guztioi dagozkigun eskubideen jabe izango garen egoera begi bistan dago, errekaren beste aldean. Erreka aldez alde onik zeharkatzeko, zubiak eraiki behar ditugu denon artean. Horretarako sortu da Sare, herritar desberdinen artean eraikitzeko zubi hori. Ez da egur, berun edo harrizkoa izango, maitasunez eta elkartasunez baizik". 

Azalpenak eman bitartean pare bat abesti kantatu eta dantzatu dituzte bertaratutakoek, eta bukaeran sagardoarekin egin dute topa.

Bi ekitaldiek utzitako irudiekin argazki galeria osatu du Txintxarrik.