Ttirriki-Ttarraka trikiti eta pandero eskolako ikasleek Okendon hasi dute herriko kaleetatik barrena ibilbidea. Herria euren doinu alaiekin esnatu eta martxan jarri da atzoko parranda alde batera utzita.
Gaurkoan ordea, kirol ekintzak nagusitu dira. Loidi Barrengo frontoian 10:30etatik aurrera maila ezberdinetako esku pilota partidak izan dira. Txiki, gazte eta heldu ederki moldatu eta harmailetan bildutako herritarrentzat ikuskizun polita eskaini dute. Nesken pala txapelketako finala ere jokatu da eta garaile izan da bigarren edizio honetan Kris Alvarez eta Naroa Urbietak osatutako bikotea. Oso partida gogorra eta berdindua jokatu dute Itziar Bermudez eta Oihana Lizasoren aurka, azkenean 18-15ko emaitzarekin gorriek txapela eskuratu dute.
Michelinen Beltzak antolatuta, errugbi erakustaldia izan da. Maila eta talde ezberdinetan jokatzen duten herriko errugbilariak lagun artean izan dira ariketa ezberdinak egiten. Ondoren, 3. denbora Okendon burutu dute jokalari eta jarraitzaileek. Bertan erronka polita ikusi ahal izan da jokalari beterano eta gazteen artean soka tiran. Hiru alditan gazteenak gailendu direlarik.
Horretaz gain, aurten ere lerroko patinajean aritzen diren herritarrak ikusi ahal izan dira Okendo plazan. Ikasturtean zehar ikasitakoa erakutsi dute haur zein helduek.
Haurrentzako parkea
Ekintza guztiez gain, Andatza plazan kokatu da gaur Haur parkea eta bertan hamaika puzgarri eta joko aurkitu ditzakete etxeko txikienek. Goizean zabaldu bezain pronto, asko izan dira bertara hurbildutakoak. Honakoa arratsaldean ere zabalik izango da.
Goizeko argazkiak eta bideoak.