Gozatzeko moduko ostirala

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 27a

Arratsalde partean eguraldiak okerrera egin badu ere, programa ofizialeko zein Sorgin Jaiak-ek antolatutako ekintza guztiak egin dira. Gauerako utzi dio euria egiteari, eta herritarrek gogotik egin dute dantza Zea Mays, Gozategi eta Ibai Berriak taldeen eskutik. Zezen suzkoaren aurrean jartzera ere ausartu dira hainbat gaztetxo.

Gogotik gozatu dute Okendo plazan bildu diren ikusleak. Ez da harritzekoa, taula gainean jotzen aritu den taldeetako bat Gozategi izan denean.  'Nor nori nork', 'Kalanbreak' eta 'Porru patata'-ren gisako abestiek dantzan jarri dituzte haur, gazte eta helduak. 

Aurretik, elektrizitatez betetako ikuskizuna eskaini dute Zea Mays taldeko kideek. Aiora Renteria eta enparauek ez dute hutsik egin, eta euren errepertorioko kanta ezagunenak jo dituzte. Bereziki txundigarria izan da 'Negua joan da ta' abestia jo duteneko unea; ikusleen garrasiek gortu dute bat baino gehiago. Sorpresaren bat edo beste ere eskaini du talde bilbotarrak: 'Bi bihotz, bi ero' kanta jo bitartean Daft Punk taldearen 'Get lucky' abesti ezagunaren zati bat interpretatu dute, ikusleak txundituta utziz. 

Herriko beste zenbait plazatan ere dantzatu dute. Esaterako, Zumaburuko Isla plazan: Ibai Berriak taldeak dantzan jarri ditu bertara gerturatutako herritarrak. Kale Nagusian ere izan da mugimendua gauean zehar. Dantzan baino, korrika egin dute zezen suzkoaren aurrean jarri diren gaztetxoek. Bolbora usain eta ke artean, Kale Nagusiaren alde batetik bestera ibili dira zezenaren adarretatik ihes egin nahian.

Ekintzaz beteriko arratsaldea

Gauean bakarrik ez, arratsaldean zehar ere ez dira aspertu lasarteoriatarrak. Eta hurrengo egunetan ere ez dira aspertuko, Gandiatik hainbat koadrila etorri baitira festak eurekin igarotzera. Ongi etorri ekitaldia prestatu diete herritarrek Okendo Plazan: ikusleek borobil handi bat egin dute, herritar talde batek prestatu dituen dantza tradizionalak ikusteko. Dantzarien parean egon dira Gandiako herritarrak, ikuskizunaz gozatzen.

Handik metro gutxitara, Kale Nagusian, Gabezia, Obito eta The Garax herriko taldeek kontzertuak eskaini dituzte. Hainbat ikusle bildu dira euren musikaz gozatzeko, giro onean. Hori baino lehen, herriko lokaletan barrena poteoa egin dute hainbat koadrilek.

Ostiraleko ekitaldiak bukatuta, herriko tabernetan jarraitu du festak. Bertan edan du batek baino gehiagok azken koka-kola.