325 lagun dantzan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 26a

Iazkoa jendetsua izan zen baina aurtengoan, gainditu egin dira aurreikuspenak. Guztira 325 herritar izan dira Sorgin dantzan parte hartzen.

Gaztetxoen zortzikoteak gidatuta, karrozaren atzetik ilarak zuzen mantentzen saiatu dira dantzari trebeak. Orian lehenengo dantza eskaini dute eta jarraian abiatu dira erdigunerantz, 16:30ak aldera.

Jendea kale bazterretan bildu da dantzariei babesa eta txaloak emateko, laguntzaile andana ere aritu da dantzarien artean ura banatzen eta noski, musikariak ederki moldatu dira sorgina buru zeraman karrozatik joz.

Biyak Baten parean egin da bigarren dantza, hirugarrena Kale Nagusiaren hasieran eta azkenik, Okendora iritsi dira denak. Txupinazoa jaurti aurretik plazan jendetzaren aurrean egin da azken sorgin dantza. Txalo zaparrada artean lekua utzi dio dantzak txupinazoari.

Argazki guztiak hemen.