Sorgin Jaiek txupina bota eta jaiak eztanda egin du Okendo plazan. Kuadrillak plazara iristearekin batera, Motxaia taldearen azken kantak eta txalaparta doinuak hasi dira.
Deiari arreta jarri diote plazan bildutako herritarrek eta Beñat Iartzak, Sorgin Jaietako kideak, irakurri du aurtengo pregoia. Langileriari eskainitako testua izan da. Herriaren iragan industriala eta oparotasun hark gurera erakarritako langileen lana azpimarratu dute. Egoera hau, gaur egun atzerrira lan bila joan behar duten herriko gazteekin alderatu dute. Michelingo 100 eguneko greba gogoratu eta orduan borrokatutako eskubideen galera salatu dute ere.
Aldarriak ordea jaiari eman dio paso. Txupina lehertu eta festa zabaldu da. Sorgin Gunea ofizialki ireki dute eta musikak dantzan jarri ditu herritarrak.
Haurren jolasak eta koadrilen jaitsiera
Txupinazoa jaurti aurretik, haurrek Okendo plazan hainbat jolas zituzten zain, festei hasiera ona emateko. Nagusiagoak direnek aldiz, Isla Plazan zuten hitzordua: hainbat kuadrilla bildu dira denak elkarrekin herriko erdigunera abiatzeko.
Ez dira bakarrik joan, ordea: Mendaroko Motxaia taldearen abestiez lagunduta ekin diote bideari kuadrillek. Txanpa eta Arkupera joan dira lehenbizi, Ilargi eta Elurtzara gero, Trumoi, Avenida eta Insausti ere bisitatu dituzte Okendora joan baino lehen. Tartean, hainbat euskal talderen abestiak interpretatu dituzte Mendaroko mutilek: Hertzainak, Su ta Gar, La Polla Records, Eskorbuto, Berri Txarrak… Errepertorio zabala dutela erakutsi dute.
Okendon hainbat herritar zituzten zain musikari eta kuadrillek; denak elkartu eta hasi dira dantzan, Sorgin Jaiak-ek txupina bota baino lehen. Hasi da festa. Hasi da sorginkeria.
Argazkiak eta bideo bilduman arratsaldeko une batzuk.