Nerea Uralde maketatzaile lanetan aritzen da, Arte Ederrak ikasi zituen eta diseinu kontuak gustatzen zaizkiolako aurkeztu izan da mota honetako lehiaketetara. Denbora edukita, eta ideia argi edukitzekotan, ez du zalantzarik izaten lehiaketetara aurkezteko.
Nolatan aurkeztu zinen lehiaketara?
Egia esan gustatzen zait noizbehinka zein lehiaketa dauden bilatzea Interneten eta horrela topatu nuen Lasarte-Oriakoa martxan zegoela eta animatu nintzen. Gustuko dut halakoetan parte hartzea.
Gainera digitalean aurkezteko aukera eskaintzen zen. Oso leku gutxitan onartzen dute, ia beti formatu fisikoan eskatzen dira. Erosoagoa da eta gastua ere ez duzu egin behar kartela inprimatuta eta tamaina handian eramateko. Batez ere, udaleko ordutegian entregatzea da zaila lanean gabiltzanontzat. Eskertzen da digitalean lanak onartzea.
Hainbat sari irabazita dituzu? Zein la kuttunena?
Bai Andoainen batzuk irabazi ditut, inauteritako kartela, emakumearen egunekoa… Lehenengoa da bereziena zalantzarik gabe. 1998an izan zen Andoainen Emakumearen egunaren harira. Beti marrazten ari nintzen eta probatzeagatik animatu nintzen lan bat aurkeztera. Lehenengo lehiaketa hori irabaztea izugarria izan zen. Oso polita da zure lanak harrera ona duela jakitea.
Hala ere ilusioa beti egiten du. Kaletik kartelak ikusteak poza ematen du.
Zein ideia adierazi nahi izan dituzu lanean?
Oinarriak irakurrita, ikusi nuen genero berdintasunarena aipatzen zela besteak beste eta hiru pertsonaiekin pentsatu nuen hasieran. Iazko egitaraua hartu eta ekintza nagusiak zeintzuk ziren bilatu nuen. Azkenean bi pertsonaia egin eta San Pedro jaiak leloari, hizkiei garrantzia ematea erabaki nuen.
Estiloari dagokionez, “Vintage” estiloa duela esan didate, kutsu hori eman nahi izan nion, baina orokorrean pixkat arraroa da, ez da betiko festetako kartela. Agian horregatik gustatu zaie, berezitasun horregatik.
Jendeari erakusten al diozu lana aurkeztu baino lehen?
Gustatzen zait lanak erakustea bai eta kasu honetan jendeari gustatu zaio. Dena bi pertsonaietan bateratzea gustatu zaie batez ere.
Maketatzailea naiz, Arte Ederrak ikasi nituen eta diseinuan nire kontura aritzen naiz. Gustatzen zaidalako egiten dut. Denbora edukitzea inportantea izaten da ere lan bat horrelako lehiaketara aurkeztu nahi denean.
Herrikoa izan gabe islatu dituzu festak…
Bai beldur hori ere banuen, ez dut giroa ezagutzen… denbora neukan eta egitaraua aztertzeko tartea hartu nuen. Konturatu nintzen gauza pila egiten direla Lasarte-Orian festetan. Azkenean niretzako esanguratsuenak ziren ekintzak hartu nituen eta irudikatu.
Aurreko urteetan aurkeztutako lanak ere ikusi nituen hauetan zer nabarmentzen zen ikusteko.
Egia esan, ez naiz inoiz egon Sanpedrotan. Ez naiz festa zalea. Aurten agian bueltaxka bat ematea gerturatuko naiz eta ikusiko dut kartela jarrita, baina festa egunetan ez dut uste.
Zortzi lan izan dira aurkeztutakoak maila nolakoa izan dela iruditu zaizu?
Mailari dagokionez, nire ustez denetarik egon da. Lanak ikusi nituenean baten bat ere irabazletzat jo nuen. Orokorrean espero nuen lan gehiago aurkeztea.
Zer iruditzen jendeari iritzia emateko aukera eskaintzea?
Jendearen iritzia jakitea oso ondo iruditzen zait baina Internet bidez bozka ematearena zaila ikusten dut. Horrelakoetan kontrolatzea bozka errealak zeintzuk diren... jendeak beti posta berriak zabaldu ditzake bozka gehiago emateko eta horrelakoak. Ahalik eta jende gehienaren iritzia jakitea iruditzen zait hoberena baina hori jasotzeko formula onena topatzea zaila ikusten dut.
Saria zer iruditzen zaizu?
Saria ondo dago Andoain oinarri hartuta behintzat. San Ferminetakoa adibidez beste maila bat da. Jendetza aurkezten da eta hor bai saria potoloa da.
Garrantzitsuak dira halako lehiaketak?
Garrantzitsuak dira bai, zure lana lehenengoz herrian erakustea aukera polita da. Aprobetxatu behar da. Lana ezagutzera emateko aukera dira. Niri gustatzen zait beste diseinatzaileen lanak ikustea, teknika berriak, etab. Nik uste dut asko ikasi daitekeela horrela. Aberasgarria da.