Bizitza oso bat kirolari emana

jon-altuna-egitegi 2015ko eka. 25a, 12:03
Michelin SD desagertu eta 1995 urtean Lasarte-Oriako Kirol elkartearen sorreran parte hartu zuten Manolo Morales eta Jesus Diez herritarrek. Garaipenak, zailtasunak, erronkak, pozak, atsekabeak... Denetarik bizi izan dute elkartearen zuzendaritzan lanean egon diren 20 urte hauetan. Orain, zuzendaritza utzi eta atseden hartzeko garaia dela erabaki dute biek belaunaldi berriei lekua utziz. LOKEko sorreratik gaur egunera arteko errepasoa egin dute haiekin izan dugun solasaldian.

67 eta 70 urte dituzte hurrenez hurren Morales eta Diez lasarteoriatarrek, baina hitz egiteko moduak eta keinuen energiak salatzen ditu. Haur baten pasioarekin bizitzen dute kirola. Azken 20 urte hauek LOKEren zuzendaritzan egin dituzte, baina lehenagotik hasiak ziren kirol munduan. 

Manolo Moralesek 1982. urtean hartu zuen Michelin SDren mahai-teniseko alorraren ardura. Jesus Diez are lehenago, 1978. urtean egin zen igeriketa taldearen kargu. “Lehen unetik gazteei kirola egiteko aukera ematea izan da gure motorra”, adierazi dute.

1995. urtetik aurrera egin dira batez ere ezagun Diez eta Morales, LOKEren zuzendaritzan parte hartu dutelako 20 urte luzez. Denbora honetan egindako irribarre eta botatako malko bat edo besteren ostean, belaunaldi berriei lekua egitea erabaki dute, lege onean. 

Duela bi urte hasi ziren urratsak ematen kargua uzteko: “Amaia Andres atleta ohia agertu zen orduan”, azaldu dute: “Presidentetza kargua hartuko zuena emakume bat izatea nahi genuen eta gogo onez, baietz esan zigun 1992an Bartzelonan olinpiko izan zen atletak”. Andresen izendapena emakumezkoen kirola herriari begira bultzatu eta instituzioen aurrean babesteko estrategia baten barnean ikusten dute bi gizonek. Eta presidenteaz beraz gain, kluba esku onetan uzten dutela uste dute. Presidenteorde postuan Gorka Aristegi judo irakaslea ari da lanean eta Xabier Gonzalezek tenisean eta Maite Ruedak gimnastika erritmikoan, euren lanarekin jarraitzeko asmoa agertu dute. “Etorkizuna bermatuta dago LOKEn”, diote Morales eta Diezek.

Sorrera

Michelin SDren eszisiotik jaiotako kluba da LOKE, esan bezala, 1995. urtean. Zehazki, Michelin enpresak udalari instalazioak saldu eta bere kirol taldeak deuseztea erabaki zuenean. Bitxikeria gisa, klubaren lehen urratsetan bada anekdota txiki bat. Manuel Moralesek ondo gogoan duen istorio bitxi bat: “Michelinek ez jarraitzea erabaki zuenean, kalean 600 gazte uzteko arriskua ikusten genuen, herrian inolako kirol aukerarik gabe. Horregatik hasi ginen klub berri bat sor-tzeko ideiarekin eta jakina, izena Lasarte-Oria Kirol Elkartea jarri nahi genion. Klub berri bat sortzen ari ginela uste genuen, baina Eusko Jaurlaritzara paperak bidal-tzen hastean, kluba dagoeneko existitzen zela esan ziguten gure harridurarako; 1987. urtean sortutako LOKE erregistratuta omen zegoen. Guk ez genekien hori. Beraz, klub horren azken aktak eskatu eta Carballo zuzendari-tzako kidearekin hitz egin ostean, haien proiektura batu ginen gu biok Xabi Castrorekin batera, zortzi kirol eskaintzarekin”.

LOKEk bere baitan hartzen zituen kirolak honako hauek ziren 90eko hamarkadaren bigarren erdian: atletismoa, igeriketa, gimnastika erritmikoa, mahai-tenisa, judoa, tenisa, futbola, txirrindularitza eta aurrerago, baita emakumezkoen saskibaloia ere. “Horiek izan ziren gure urte loriatsuak!”, gogoratu du Diezek.

Pixkanaka ordea, eta bizitzaren legea da, desagertzen joan ziren alor batzuk, belaunaldi aldaketarik ez zeukatelako. “Helduek urte luzez lan egiten dute, baina atzetik erreleborik ez datorrela ikustean utzi eta desagertu egin dira kirol batzuk, orain lau ditugu, erdiak. Pena handia ematen digu, baina eutsi egin diogu nola-hala”.

Michelindik, gaur egunera

Herrian kokatuta dagoen enpresak urte luzez eskaini zion herriari kirola egiteko aukera, 1947. urteaz geroztik hain zuzen. Hiru hamarkada beranduago, 1978an, egin zen Jesus Diez igeriketa alorraren arduradun eta lau urte beranduako hartu zuen Manolo Moralesek bere gain mahai-tenisaren kudeaketa. “Michelin dena izan da”, argitu dute. “Beste garai batzuk ziren. Michelinen urteko aurrekontuak egiten ziren, baina markak lortuz gero eta Espainiako gutxienekoetarako denborak eginez gero, Michelinek extra hori finantziatu egiten zuen, diru guztia gastatuta bagenuen ere, segurtasuna ematen zizun”, adierazi du Moralesek. “LOKEn ezin izan genion pribilegio horri eutsi”, gehitu du Diezek. 

Gaur egun “gurasoak” dira finantza iturri nagusiak. Exzisioaz geroztik “autofinantzaketa” izan du ardatz LOKEk. Michelinek orain soilik “ekonomikoki babestu” egiten ditu bikote beteranoaren arabera, “eta jadanik 20 urte dira”, eskertu dute.

Kirolari onenei txapelketa onak euren kabuz bermatzerik ez zutenez, hainbat kluben filial edo harrobi bihurtu zirela kontatu dute. Mahai-tenisean Donostiako Atletico San Sebastianekin harremandu ziren, Hondarribiako Ama Guadalupekoarekin judoan, atletismoan Irungo Bidasoa Atletismo Taldearekin etab. “Egitura piramidala sustatu nahi du Foru Aldundiak Gipuzkoan. Klub hauek, esaterako, goikaldean daude. LOKEk berriz, oinarri funtzioa betetzen du. Beraz, leku guztietan daude herriko atleta onak, LOKErekin lehiatu ez arren”, azaldu dute Diez eta Moralesek.

Bilakaera eta zailtasunak

Urte hauetan kirolak oro har bizi izan duen bilakaera azpimarratu dute. Oro har, guztia duela 20 urte baino hobeto doala diote. Egiteko gauzen artean, agian, emakumezkoen kirolari loturikoa da: “Ez dugu lortzen emakumezkoek nerabezarotik aurrera kirola egiten jarraitu dezaten, eta sekulako pena ematen digu. Mutilek beranduago uzten dute”. Orain, Amaia Andrés presidente izateak lagundu dezakeela uste dute.

Topatu duten beste zailtasun bat instituzioekin izan da. Krisi garai honetan dirua lortzeko zailtasunak izan dituzte eta azken urteotan ez da erraza izan. Oro har, herriko talde guztiek sufritu dutela ohartarazi dute, eta baita gurasoek ere, klubak kuotak ia %40 igo dituenez gehiago ordaindu behar izaten dutelako euren seme-alabak kiroletara apuntatzerako orduan.

Entrenatzaile eta begiraleen alorrean ere ez da samurra izan bidea. Espainiako legeriak agintzen duenez, kontratua egin behar zaie gazteen kargu dauden guztiei. “Guk hori oso-oso zail ikusten dugu. Halako gauzak kudeatzeko asesore bati deitu behar izan diogu, eta hori gurasoen kontura joan da”.

Izan ere, euren filosofia oso bestelakoa izan da urte guzti hauetan. Handiek txikiei irakastea izan da euren lema. Emaitzez harago, jendeari kirola egiteko aukera ematea izan da LOKEren motibazioa. 

Buruntzaldea torneoa eta milia

Nazio mailan ezagun eginarazi dute LOKE bi txapelketak nagusiki. Diez eta Moralesen agintaldeko bi txapelketa entzutetsuenak mahai teniseko Buruntzaldea torneoa eta atletismoko milia izan dira.

Buruntzaldea torneoak 13 urte egin zituen, 2007. urtean desgertu zen arte. Espainiako jokalari onenak bildu ziren urte horietan Michelingo pilotalekuan antolatzen zen torneoan, “inori sosik ordaindu gabe”, Morales antolatzaileak dioen bezala. 

Granada, Almeria, Kordoba, Madrid eta hainbat txinatar nazionalizatu etorri izan ziren, Juanito eta Alfredo Carmero jokalari handiak esaterako. “Ezagunak izanagatik, torneoaren antolaketa onagatik etortzen ziren denak. 25.000 euroko aurrekontua zuen torneoak, 32. sailkatuarentzat arte zeuden sariak, eta lehenak 1.000 euro eramaten zituen etxera. Halakorik mahai-tenisean ikustea oso zen zaila Espainian”, gogoratu du Moralesek.

Dena den, mahai tenisaren lorpen handiena Superdibisiora igotzea izan zen, Espainiako maila gorenera. 1983. urtean izan zen hori, Jose Mari Erauskin prestatzailearen eskutik. Jokalari gisa Zulaika, Erauskin, Eizmendi, Izeta, Zubizarreta eta Etxeto aritu ziren. 

Almerian lortu zuten igoera: “Itzultzean, Michelin enpresak zailtasunak zituela jakinarazi zieten eta ez zutela zetorren urtean Superdibisioan jokatzerik izango, kolpe latza izan zen”, esan du Moralesek. Bertako jendearekin osatutako taldea Bautzen eta Espainiako maila gorenean zegoen, filosofia jakin eta berezi batekin, atzerritarrez jositako jokalarien taldeen aurka jokatzeko prest. “Handik aurrera, oinarrizko kirolarekin lan egitea egokitu zitzaigun, 2007. urtera arte.”

Miliarekin lehen unetik berdina egiten saiatu ziren, etortze hutsagatik atletei dirurik ez ordaintzen ahalegindu ziren. 

“Ezinezkoa izan zen”, ohartarazi du Diez antolatzaileak. “Lehen edizioa Amaia Andresen kontaktuen bidez antolatu genuen. Hurrengo urtean Carla Sacramento ekarri genuen, baina Miguel Angel Mostaza atleten ordezkariari ez zitzaion batere gustatu bere atletek sosik kobratu gabe korritze hori eta prentsari lesionatuta zegoela esan behar izan genion, beroketak egin zituen umeekin”, gogoratu dute umore onez.

Urtetik urtera miliako nibelak gora egin zuen, baina dirutza ordaindu behar izaten zuten atleta onak etor zitezen. Saria ez zen gainera izugarri horietakoa, 300 euro ziren. Gastua gastuari gehitu zitzaion. “Irautea ezinezko den dinamika batean sartu ginen”, azaldu du Diezek.  

2008an desagertu aurretik ordea, Espainiako milia onenetakoa izan zen Lasarte-Oriakoa. Fuentes Pila, Maite Zuñiga edota Juan Carlos Higuero etorri ziren. Garai hartan atletismoa goren gorenean zegoen garaietan birritan 1500 metrotan Europako txapeldun izan da Higuero eta Zuñiga Espainiako 800 metroetako 'recordman'-a ekartzea ez zen merkea. 

Dena den, babes handia jaso zuten patrozinatzaileen aldetik ere. 35.000 euroko aurrekontua izatera iritsi ziren. Diru asko zen, zazpi hilabete aurretik, urrian jadanik hasten ginen maiatzeko proba ondo atera zedin. Guk logistika kontuak eramaten genituen, Amaia Andres arduratzen zen parte-hartzeaz. Gure egitekoa gero dirua batzea zen, hori izan da guretzat gogorrena, hara eta hona diru eske ibiltzea”, aitortu dute biek. 2004ean hasi eta 2008. urtera arte iraun zuen miliak, denera bost edizio ospatu zituzten. “Harro gaude milia eta mahai-teniseko txapelketa hainbat urtez antolatzeko gai izanaz”, onartu dute Diez eta Moralesek.

Etorkizunari begira

Gaur egun, lau alor ditu LOKEk eta sorreraz geroztik %50ean jaitsi da kirol eskaintza. “Saiatu gara, baina jendeari kosta egiten zaio zuzendaritza batzordeetan sartzea eta maitasunagatik gauzak egitea Xabier Gonzalez, Gorka Aristegi, Oscar Goikoetxea eta Maite Rueda LOKEko entrenatzaileek egiten duten bezala”, adierazi dute zuzendaritza utziko duten Manolo Morales eta Jesus Diezek.

Urte guzti hauetan zehar egindako lanaren errepaso bat ere egin dute biek: “Guk ez dugu kobratzeko lan egin, gazteei aukera bat eman eta kaletik ateratzeko baizik. Orain kluba egoera onean geratzen da, iraunkor. Ez genuke defuntzioagatik itxi nahi, egoera duin batean utzi nahi genuen eta oraingo momentua ez da txarra. Kirol eskaintza jaitsi egin da, egia da, baina oso esku onetan uzten dugu kluba eta zuzendaritza berriko kideek badakite irailetik aurrera gure iritzia eta laguntza behar duten guztietan izango dutela, baina zahartzen ari gara, Lasarte-Oriako kirol errealitatea guk ezagutu genuenaren oso bestelakoa da eta klubak bultzada bat behar duela uste dugu. Ziur zuzendaritza berria primeran moldatuko dela, eskerrik asko urte guzti hauetan eman diguzuen laguntzagatik”. 

Kirol legez hartu zuten kargua hogei urte atzera eta kirol legez esango dute agur Manolo Morales eta Jesus Diezek, LOKEren sortzaile izandakoek, belaunaldi berriei leku egiteko.