Udal kiroldegiko eta kirol guneko udako ordutegiak

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 24a

Uda iristearekin batera, Udal kiroldegiak eta Michelingo kirol guneak uztaila eta abuztuan zehar izango dituzten ordutegien berri eman du Lasarte-Oriako Kirol Zerbitzuak.

Goizeko zazpietatik 12:30era eta arratsaldeko bostetatik 21:30era irekiko dute igerilekua, astelehenetik ostiralera. Kiroldegia aldiz, 7:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 22:00etara erabili ahalko dute herritarrek. Sauna 9:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik; gutxienez erabili baino ordubete lehenago erreserbatu beharko da instalazio hori, eta gehienez 24 ordu lehenago. Astelehenetik ostiralera bitarteko ordutegiak dira horiek.

Larunbat eta jai egunetan aldiz, 9:00etatik 13:00etara irekiko dituzte igerilekua eta kiroldegia. Igandeetan itxita egongo dira.

Kirol guneari dagokionez, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 12:30era eta 17:00etatik 21:00etara irekiko dute eta 9:00etatik 13:00etara larunbat eta jai egunetan. Udal kiroldegiaren moduan, itxita egongo da igandeetan.