Aqua Lauda koruaren emanaldia Brigitarren komentuan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 24a

Hainbat herritar gerturatu ziren atzo Brigitarren komentura, Aqua Lauda koruko kideek eskaini zuten emanaldiaz gozatzera. Hainbat estilo eta garaitako abesti eta doinurekin egitarau zabala prestatu zuten musikariek.

Kode kalixtinoarekin lotutako lau abestirekin eman zion hasiera Aqua Lauda koruak atzo arratsaldeko emanaldiari. Javier Bustoren gidaritzapean, hasiera-hasieratik erakutsi zuten koruko kideek zer nolako maila duten. Lehenengo zati horrekin hasi baino lehen, Bustok ikuslegoari eskatu zion txalorik ez egiteko lau abesti horien tarteetan. Haien lana saritzeko gogoz zeuden ikusleak baina zintzo bete zuten eskaera, eta emanaldiaren bukaeran txalo zaparrada luzea eskaini zieten musikariei.

Hainbat estilo eta garaitako egitaraua prestatu zuten atzoko ikuskizunerako. Antzinako musika, Berpizkunde garaikoa, erromantikoa, garaikidea... Komentura gerturatu ziren herritarrek ikuskizun paregabe batez gozatu zuten, San Joan bezperako ospakizunen aurrekari gisa.