Hautestontzi bete itxaropen

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 21a

Iaz Uharte Arakileko giza katean egin bezala, ehundaka herritar joan dira gaur Donostiara, Gipuzkoako gainontzeko herriekin batera Anoeta estadioan hautestontzi erraldoia irudikatzera. Arratsaldeko 17:30eko ekitaldi nagusia baino lehen, Urumea ibaiko zubietako oihal katean ere hartu dute parte, eta Anoeta inguruko giro eta musikaz gozatu.

Beste mugarri bat du Gure Esku Dagoren historiak gaurtik. Gipuzkoa osoko milaka herritarrek bete dute Anoetan oihal zatiekin irudikatutako hautestontzi erraldoia. Pertsona horietatik guztietatik ehundaka izan dira Lasarte-Oriatik joandakoak. Haiek ere zapaldu dute zelaia eta altxa dituzte oihalak zerura. Bi esku eta hamar hatzekin hartu dituzte, barne-barnean daramatzaten hamaika itxaropenen erakusgarri gisa. 

Ekitaldi nagusia arratsaldean izan da, 17:30ean. Hori baino askoz lehenago hasi da festa handia, ordea. Donostiara trenez zein autobusez joan ostean, Koldo Mitxelena eraikinaren aurrean bildu dira herritarrak 10:30ak inguruan. Bertatik Urumeako zubietara abiatu dira musika lagun dutela, 12:00etan hasi den oihal katean parte hartzeko. Joan den urtean Uharte Arakilen egindako giza katea ekarri du gogora batek baino gehiagok. 

Ordu erdiz bertan egon ostean, Anoetara bidea hartu dute txoznetan indarrak hartu eta kontzertuez gozatzeko, hautestontzia bete aurretik.

Ekitaldietako irudi batzuk argazki galerian.

Globoa eta dokumentala

Gaurko ekitaldirako motorrak berotzeko, hainbat ekintza antolatu ditu asteburuan herriko Gure Esku Dago taldeak. Atzoko eguraldi ona baliatuz, zozketako saridunek globoan bidaiatxoa egin zuten azkenean, Tximistarreta parkean. 

Ostiral arratsaldean ere hainbat herritar gerturatu ziren Villa Mirentxura, 'Jostunak' dokumentala ikustera. Aurretik, azken oihalak josi zituzten Okendo plazan