Vespa eta Lambretta rally ikusgarria

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 21a

Motor hotsak entzun dira asteburu honetan Lasarte-Orian zehar. Zehatzago esanda, Vespa eta Lambrettenak. Scooter Club Euskadik antolatuta, Erkidegoko eta Estatuko hainbat herrietatik etorritako motorzaleak izan dira herrian eta herriko zenbait leku erakusleiho bezala erabili dituzte.

Ostiralean, Jaizkibel plazan hasi zen erakustaldi-sorta. Vespa eta Lambretta beltzak, gorriak, zuriak... Koloretsua izan zen erakusketa. 

Ekitaldiak ez ziren hor amaitu ordea, erakusketa bukatu eta gero Buggy tabernan afaldu eta Buenetxean festa egin baitzuten ordu txikiak arte. 

Larunbatean, erdialdea hartu zuten motorrek. Eguerdira arte, Okendo plazan ikusi ahal izan ziren motorrak. Ostean, 50 km. irteera bat egin zuten eta Hernaniko Saretxo jatetxean bazkaldu zuten. Bazkalostean, berriro, Lasarte-Oriara egin zuten buelta eta Elizatze plaza aparkaleku bihurtu zen. 

Mendi Kafe-Rock tabernan disko zaharren soinuaz gozatu ahal izan zuten eta Arkupe eta Yolanda tabernetan afaldu zuten. Buenetxean amaitu zuten gaua.

Basaundin daude gaur. Erakusketa egin eta Buruntz-Azpi elkartean bapo bazkaldu ostean, amaituko da topaketa.