Dantzaz Euskal Herriari bira

Txintxarri Aldizkaria 2015ko eka. 21a, 14:00
Erketz EDT, Erketz Txiki eta Erketzeko lagunak taldeek ikasturte amaierako emanaldi eskaini zuten atzo arratsaldean. Giro ederrean Euskal herriko dantza ezberdinak ikusteko aukera izan zuten Okendo plazara hurbildu ziren herritarrek.

Lehenik, Erketzeko lagunek agurra egin zieten herritarrei. Ostean, Gipuzkoako dantzekin hasi zuten emanaldia. Ezpata Txiki, Brokel-dantza eta Loriak udan koreografia eskaini zituzten.

Bizkaira egin eta Lekeitioko Kaxarranka dantzatu zuen Erketz EDTko Asier Balerdik. Kaxaren gainean dantzaria eta behean, Beltzak Ostadar errugbi taldeko lagunak kutxa eusten.

Jarraian, Bizkaia eta Gipuzkoako erromerietako dantzez gozatu ahal izan zen.

Erketz Txikikoek Txori txiki polit bat koreografia eta Berako makil-dantza lehenik eta emanaldian aurrera eginaz, Xoxoaine eta Branle de ranas dantzatu zituzten. 

Nafarroari dagokionez, neskek bakarrik Sagar-dantza eskainizuten. Erketz eta Erketzeko lagunak taldeak Iturengo soka-dantza egin eta zenbait gaztetxoren laguntzaz kontradantza eta koadrille dantzatu zituzten.

Dantzariek atsedena hartzeko, musikariek Gozategiren Don Jose doinua eskaini zuten

Emanaldiari amaiera emateko, Behe Nafarroako Inauterietako dantza koloretsuak izan ziren Okendo plazan.

Emanaldiko irudi eta bideo batzuk galeriatan.