Gerra zibileko aztarnak ikuskatzen

Txintxarri Aldizkaria 2015ko eka. 20a, 20:00
1936ko irailean Lasarte-Oria eta bere inguruak borroka gune bilakatu ziren. Honen erakusle Islada Ezkutatuak taldeak Txaldatxur mendixkan aurkitutako hainbat lubaki eta aztarna dira. Gaur goizean taldea herritar eta zubietarrekin batera bertara hurbildu eta historiako pasarte hori gogora ekarri dute.

Okendo plazatik atera da gaur goizean Txaldatxurrera zihoan ibilaldia. Hipodromoko zubia igaro eta zubietarrek bat egin dute lasarteoriatarrekin. Ostean, ordu eta erdiko ibilaldia egin dute bertara iristeko.

Baina hara iritsi baino lehen, hiru geldialdi egin ditu taldeak eremuko egoera irudikatzeko.

Lehen geldialdia, esate baterako, Hipodromoko aparkalekuan izan da. Honetan, Joxe Agustin Muguruza taldeko kideak eremuaren berezitasun geografikoa eta bertan izan ziren frenteak eta hauen armamentuak azaldu ditu.

Defentsa

Txaldatxurrera iristean, komun bezala erabiltzen zuten eremua, lubakiak eta tiratzaileen hobiak bisitatu dituzte.

Errepublikarren defentsa lekua izan zen Txaldatxur eta Joxe Agustinek azaldu legez, aurkitutako bala zorroen arabera bertan ez zuten armamentu astunik.

Buruntza eta Andoain aldetik etorri ziren karlistei aurre egin behar izan zion bitan defentsa postu honek eta bietan irabazle atera ziren gubernamentalak.

Horren harira, oraindik aurkitu ez badituzte ere, eremuan gorpuak daudela ekarri du gogora Muguruzak.

Eskertzak

Era berean, Mailu Arruti taldeko kideak eskerrak eman nahi izan dizkie haien testigantza eman duten pertsonei, baita eremuko garbiketa lanetan ibili diren lagun guztiei ere. Eta bereziki haien testigantza eta laguntzari esker aztarna arkitektoniko hauek aurkitzen lagundu dieten Jexux Mari Errekondo usurbildarra eta 'Zato' herritarra aipatu ditu.

Ibilaldira joan diren pertsonek adi jarraitu dituzte taldearen azalpenak eta Txaldatxurren bertan mokadutxo bat hartzeko aukera izan dute herrira bueltatu baino lehen.

Joxe Agustin Muguruzaren azalpenetako batzu entzuteko aukera, bideo galerian.