Lasarte-Oria sorgintzeko prest

Txintxarri Aldizkaria 2015ko eka. 18a, 12:45
Ekainaren 25ean hasiko dira Sorgin Jaiak, eta 29an bukatu. Tartean hamaika kontzertu, ekintza eta ongi pasatzeko aitzakia. Urtero moduan, omenaldia egingo dute txupinazoa botatzerakoan Okendo plazan, lehenengo egunean, 20:00etan. Lasarte-Oriako langileriarena izango da ohorea aurten.

San Pedro jaiak baino egun bat lehenago hasiko da festa giroa herrian, Sorgin Jaien eskutik. Beste behin ekintzat betetako egitaraua antolatu dute, lau egunez Lasarte-Oria sorgintzeko eta herria alaitzeko. Ekainaren 25ean hasi eta 29an amaituko dira aurtengo jai alternatiboak.

Aurkezpen prentsaurrekorako prestatu zuten mahaiaren gainean Michelin fabrikako 100 eguneko grebari buruzko liburu bat ikusi zitekeen. Ez zen kasualitatea. Herriko langile mugimenduaren gaia jorratzea erabaki dute antolatzaileek.

1976ko gertaera hori abiapuntutzat hartuta, hausnarketa egin dute: "Garai horretan herriko hainbat komunitate desberdin elkartu ziren, herriko bertako zein Espainiako hainbat probintziatatik etorritako langileak, kausa komun baten inguruan borrokatzeko: 100 eguneko grebaren inguruan. Batasun hori eredu gisa hartuz, gure jaietan ere hori lortu nahi dugu, guztionak izatea: denok eroso sentituko garen giroa zabaldu eta datozenak ongi etorriak sentitu daitezen herria eraiki dezagun". 

Gaur egungo langileriaren egoerari buruz ere aritu ziren atzoko prentsaurrekoan: "Euskal Herriko zein Lasarte-Oriako gazte askok kanpora joatea beste irtenbiderik ez daukate, hemen ez baitago haientzako lanik. Garai batean langileak hona etortzen ziren lan eta etorkizun baten bila, eta alderantziz gertatzen ari da orain". Garaiak aldatu egin diren arren, langileen arteko batasuna oraindik "beharrezkoa" dela nabarmendu zuten.

Prentsaurrekoan aipatutako batasun hori jaien lehenengo egunean islatuko da, Okendo plazan. Lasarte-Oriako langileriak botako du aurtengo txupinazoa.

Egitarau zabala

Hainbat ekintza antolatu dituzte Sorgin Jaiak-eko kideek ekainaren 25 eta 29ra bitartean. Lehenengo egunean koadrilen jaitsiera egingo dute Isla plazatik abiatuta, 17:30etan. Txupinazoa 20:00etan botako dute Okendo plazan, eta bapo afaltzeko aukera edukiko dute herritarrek handik ordubetera, Sorgin afarian. Okendon bertan izango da hori ere. 23:30etan hasiko dira kontzertuak; King Kong Boy eta Eskean Kristo ariko dira Okendon.

Ekainaren 26an ongi etorria egingo zaio aurtengo herri gonbidatuari. Gandiatik (Valentzia) etorriko dira hainbat herritar jaiez gozatzera. Hurrengo egunean herriko koadrilak elkartu eta Tximistarreta parkera joango dira bazkari herrikoia egitera, 12:00etan. Joan den urtean egin zuten lehenengo aldiz eta, arrakastatsua izan zela ikusita, errepikatu egingo dute aurten. 

Iganderako jada ohikoa bilakatu den Oriako jaitsiera antolatu dute, 17:30ean. Ondoren, hainbat kontzertuz gozatu ahalko dute herritarrek. Taldeak Erokomeri (Bolbora zen berez etortzekoa, baina ezin izan du azkenean), Bihozkada eta Rok Kan Broom izango dira. 

Astelehenerako ere prestatu dituzte ekintzak, baina ez dute horien berri eman oraindik, "sorpresa" izango baitira. Egun horretan, ekainaren 29an amaituko dira aurtengo Sorgin Jaiak.

Herri gonbidatua eta Xirimiri

Aurtengo Sorgin jaien egitaraua eta omenduak zein diren ez ziren izan antolatzaileek emandako albiste bakarrak. Gandiako herritarrak dira aurtengo gonbidatuak, eta lo egiteko lekua bazuten jada. Atzo jakin zuten antolatzaileek ezingo dutela toki hori erabili: "Eratu berri den udalak galarazi egin digu lo egiteko leku hori erabiltzea. Debeku hutsa izan da, arrazoirik gabekoa. Ez dauka batere itxura onik honek; espero dugu lehenagoko garaietara ez bueltatzea, udalaren ezaugarriak egoskorkeria eta itxitasuna zirenekora". 

Espainiako Auzitegi Gorenak Xirimiri ixteko agindua ere eman du, eta horren aurrean egin zituzten adierazpenak Sorgin Jaietako kideek. "Asko maite dugu guk Xirimiri elkartea, asko eman digu urte guzti hauetan zehar. Urrutira joan gabe, lehengo urtean jaien txupinazoa bota zuten. Maite duzun hori zaindu behar dela dio kanta ezagun batek eta hori egingo dugu guk ere: Xirimiri maitatzen eta zaintzen jarraituko dugu".