CLECEk ez du Atsobakarreko langileekin hitzarmena sinatu

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 18a

Ekainaren 2an Atsobakar zahar egoitzako langileek CLECE enpresarekin 2015-2016 hitzarmena sinatzeko aurre akordio batera iritsi zirela jakitera eman zuten. Horrekin batera protestak eta greba deialdia bertan behera utzi zuten. CLECEk ordea ez du oraindik hitzarmenik sinatu eta langileak haserre eta aldarrikapenei eusteko asmoz azaltzen dira.

Ekainaren 2ko aurre akordio horretan, enpresak bere borondatea agertzen zuen hitzarmenaren testua sinatzeko, hau da, Foru Aldundiaren proposamena 10 egunetan beregain hartzea. Langileek bere aldetik, erabaki zuten greba mugagabearekin ez hastea eurek azaldu moduan.

“Ekainaren 12a iritsi eta ezustekoa izan genuen. Enpresak hitzarmena sinatu beharrean, denbora gehiago itxoitea proposatzen digu gobernu aldaketa egon dela argudiatuz. Ez dituzte etxeko lanak egin eta ez dute udalarekin harremana izan”.

Gaurko bilera jarri zuten enpresa eta langile ordezkariek. Honetan denbora gehiago behar dutela esan dutela adierazi dute langileek, “kobratuko dutela ziurtatu behar dutelako”.

Baina enpresak ez du inolako harremanik izan udal gobernu berriarekin.

“Soilik bi egoitza daude greban hitzarmena sinatzeko eta CLECEk dio kobratzeko berme nahikoa ez duela. Nahikoa da! Ez gara karitatea eskatzen ari. Foru Aldundiak badu Atsobakar egoitzari dagokion partida ekonomikoa onartuta. Gainontzeko enpresek hitzarmenaren sinaketari dagokiona kobratu baldin badute zertan ari da CLECE?”

Langileen ustetan CLECEk bermea behar badu, udala eta Aldundiarekin hitz egin behar du. “ Bi erakundeetako ordezkariak beti azaldu dira gaiaren inguruan hitz egiteko prest arazoari irtenbidea ahalik eta lasterren emateko. “Gure ustez aitzakiek ez dute balio, ez daukate gogorik sinatzeko. Hitzarmena sinatzearen aldekoak direla diote baina zeren zain daude?”

Langileek “argi dugu ez dugula egoera hau denbora luzez aguantatuko”. Hau dela eta euren aldarrikapenekin jarraitzeko asmoa azaldu dute, Gipuzkoako gainontzeko egoitzetan bezala, Aldundiak egindako proposamena aplikatzea eskatuz. “Ez da diru arazoa, partida aspaldi onartuta dago eta Aldundiaren aldetik”.