Endika Gartzia zortzigarren ‘Tolosaldeko hiru tontorrak’ mendi maratoian

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 16a

Herriko hainbat korrikalarik burutu zuten pasa den larunbatean ‘Tolosaldeko hiru tontorrak’ mendi maratoia. 42,7 kilometrokoa izan zen ibilbidea eta 460 korrikalarik hartu zuten parte guztira.

Horietako zortzi lasarteoriatarrak izan ziren. Endika Gartzia izan zen azkarrena; 4 ordu eta 36 minututan osatu zuen ibilbidea, zortzigarren postua eskuratuz. Jose Ignacio Elviara 163. postuan sailkatu zen 6:13ko denborarekin; handik zazpi minutura helmugaratu zen Iñaki Letamendi 187. postuan; Juan Mari Marcos izan zen hurrengoa, 207. postua eskuratu zuen 6:30eko denbora eginda; 256. izan zen Peio Fadrique 6:50eko denborarekin; justu ondoren iritsi zen helmugara Antonio Urruzola, 52 segundo beranduago eta, azkenik, 290. postua erdietsi zuen Ibon Gurrutxagak 7:10eko denbora egin ostean.

Ivan Granado herritarrak ezin izan zuen proba amaitu. Gogorra izan zen lasterketa, eguraldi lainotua eta lokatza izan ziren korrikalarien oztopo nagusiak.