Euskara ikasleek bekak eskatzeko aukera orain

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 15a

2014-15 ikasturtean euskara ikasten aritu diren herritarrek matrikula-prezioaren %85 arteko beka jaso dezakete Udaletik. Ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu beharko du interesatuak eskaera.

Iaz Udalak onetsitako irizpide berriari jarraituz, Udaleko Euskara Batzordeak %85a arteko bekak eskainiko ditu. Eskaintza berri horri erantzuteko 50.000 eurora arte handitu du aurten Udalak. 

Baldintzak

Beka jasotzeko, Lasarte-Orian erroldatua egon behar da eta egindako ikastaroan gutxienez % 85eko asistentzia bete behar da. 

Diruz lagunduko diren ikastaroak hauek dira:  euskaltegiko ikasturtean zeharreko ikastaroa, gutxienez 80 ordukoa (autoikaskuntzakoak ere bai), barnetegia, gutxienez hilabete segidan baldin bada, eta, udako ikastaroak, ikasturtean zehar aurreko ikastaro-mota horietako bat egin duten ikasleen kasuan.

Informazio gehiago udalaren web-orrian edo euskara zerbitzuan 943 37 61 84 zenbakian eskura daiteke.