Aitor Izagirre, Imanol Jimenez, Iñigo Bobillo eta Iñaki Izquierdo dira txaranga herrikoia osatzeko egitasmoan sortzaile eta parte hartzaileetako batzuk.
Buruan zuten ideia gertukoekin hitz egin, eta momentu honetan hamar bat lagun elkartu dira. Amaia Atxegaren zuzendaritzapean, entseguak buru-tzen ari dira San Pedroetan lehenengoz kalez kale ateratzeko. Modu amateurrean ari direla diote, ikasten, baina gogotsu. Dagoeneko sei bat pieza prestatu dituzte baina herritarrak animatu nahi dituzte txaranga honetan parte hartzera. Herrian txarangarik ez dagoela eta, musika zaletasuna eta irteera sustatzeko gazte zein helduen artean.
Nola bururatu zitzaizuen txaranga sortzearena?
Ni neu, (Iñaki), Imanol eta Zigor Iriondo Usurbilgo musika eskolan saxofoia ikasten ari gara.
Dagoeneko hirugarren eta laugarren urtea dugu bertan eta iruditu zitzaigun zerbait egin behar genuela. Saxofoia jotzen ikasteaz gain, gozatu nahi genuen beste instrumentu batzuekin jo eta jai giroan.
Horretarako irteera errazena, txaranga muntatzea zela iruditu zitzaigun eta hala hasi ginen. Ideia aspalditik buruan darabilgun arren, bi edo hiru hilabete daramatzagu serio entsaiatzen.
Herrian ez dago txarangarik...
Hori da, gure herrian ez dago horrelako ezer, herriko musika eskolatik gazteak ateratzen dira instrumentuak jotzen baina ez dute beste aukerarik. Gure txarangarekin, nolabait irteera bat eman nahi diogu herrian badagoen zaletasun horri.
Planteamendua da txaranga herrikoi bat sortzea eta bertan nahi duen orok parte hartzeko aukera izatea. Edozein adinetako lagunak, momentuan 16 urteko kide bat dago eta zaharrenak 60 urte ditu...
Orain asko entsaiatzen ari gara San Pedrotan ateratzeko helburua jarri dugulako, lehenengo aldiz aterako gara kalera gure doinuekin.
Ez dugu guztiz zehaztu baina bi egunetan ateratzea pentsatzen ari gara, poteoa girotzeko ziurrenik.
Zenbat lagun zaudeten momentu honetan?
Hamar bat gaude baina deialdi bat egin nahi dugu txarangan integratzeko moduko instrumentuak jotzen dituzten herritarrak parte hartzera animatzeko.
San Pedrotan ateratzeko asmoa dugunez, datozen asteetan astelehen eta ostiralero 18:30ean Ttakuneko lokalean, liburutegi zaharrean, elkartzen ari gara eta interesa izan dezaketen herritarrei bertara gertura-tzeko gonbita luzatzen diegu.
Sei bat pieza ditugu jotzeko moduan, lana dugu oraindik baina tira.
Lagun artean hasi zarete?
Bai gertuko jendeari esan genion eta batez ere profesionalak ez direnei.
Gure artean badaude esperientzia dutenak ere baina gure mailaz ohartuta, zaletuak bilatu ditugu hasiera batean. Ahal duguna jotzen dugu guk eta agian, profesionalek pazientzia galduko lukete gure erritmora entsaiatuta.
Ondo jotzen jakin behar al da?
Ez, esan bezala, gu ikasleak gara gehienak. Modu amateurrean ari gara, edozein maila duten musikariak ogi etorriak izango dira. Elkarrekin ikasten ari garela esan daiteke, instrumentu ezberdinekin jotzen dugun lehenengo aldia da askorentzat eta zorionez, Amaia Atxega musikaria dugu irakasle. Bera da zuzendaria, partituretako arregloak egiten dituena etab.
Herriz herri jaiak girotzen ibiltzeko asmoa duzue?
Hasiera batean ez da gure asmoa.
Ez dugu txaranga profesional bat osatu nahi, ez dugu herriz herri ibiltzeko intentziorik. Hala ere, egia da egitasmo honen lehenengo urratsetan gaudela eta nork daki. Oso argi dugu, musika eskolatik ateratzen diren gazteei irtenbide bat eskaini nahi diegula eta nork daki gerora zer gertatuko den.
Herriko festetan, inauterietan, Santa Anan… ondo pasa nahi dugu momentuz. Nahikoa saltsetan gaude berez eta ez dugu konpromisoa hartu nahi ere ez astebururo batetik bestera ibiltzekoa.
Azpimarratu nahi dugu, gazte askok musika eskolan maila ona lortzen dutela eta gero ez dutela aukera ikasitako horrekin ondo pasatzeko. Guk aukera hori eman nahi dugu. Auskalo, agian jazz band bat sortzen da edota banda bat... Hasieran behintzat txaranga.
Egon al da herrian txarangarik?
Esan behar da herrian musika tradizioa izan dela. Akordeoiaren esparruan esaterako, izugarrizko lana egin da eta hortxe daude bi talde.
Garai batean errondaila bazegoen. Txaranga ere egon zen duela urte pila Chicarron izenekoa bat. Bruneten, Orian ere beste txaranga bat zegoen. Kultura musikala izugarria zen garai batean baina gerora galdu egin da. Badakigu ere zenbait lasarteoriatar daudela beste herrietako txarangetan parte hartzen.
Gipuzkoako 35 herri handienek banda dute Lasarte-Oria kenduta, 2.000 biztanleko herriak dira asko. Harritzekoa da hemen aurretik inork ez aipatzea. Inoiz ez da egon sortzeko proiekturik ez ezer.
Jendeak ze harrera egin dio ekimenari?
Ba orokorrean ideia ona iruditzen zaie eta animatu gaituzte aurrera egitea.
Horrelako zerbaitetan lehenengo aldia al da?
Aitorrek esperientzia du, Zero Setten ibilitako musikariak badaude. Hala ere, herrian batean edo bestean ibilitakoak gara.
Dantzan, parodian, auzo elkartean... urteak daramatzagu herriko ekimenetan parte hartzen modu batera edo bestera. Txarangarena beste ekarpen bat gehiago da.
Ikasturteari dagokionez, zein maiztasunekin elkartuko zarete?
Ez dugu oraindik ezer finkatu, baina jendearen gogoaren arabera moldatuko gara.
Entsaiatzen noski jarraituko dugu eta beharren arabera saio gehiago edo gutxiago egingo ditugu.
Hala ere, txarangak jarraipena izatea nahi dugu, konpromiso serioa dugu martxan jarritako ekimenarekin.
Herritarrak animatu nahi ditugu parte hartzera, zalantzak badituzte entsegu batera gerturatu daitezke eta bestela, 665 72 39 67 telefonora dei dezakete gurekin harremanetan jartzeko. Ekimen polita eta gustagarria dela iruditzen zaigu beraz espero dugu animatzea.