Antzerki eta dantza astea atzoko Dantzaz Blai! egunerakin agurtu zen. Kukukako kideek ikasturtean zehar ikasitakoa erakusteko baliatzen dituzte bi aste eta aurten ere lan politak erakutsi dituzte Manuel Lekuonako oholtzan.
Ostiral iluntzean, helduen taldeko kideek 'Egunero ringingi' lana oholtzaratu zuten. Egunerokoan mugikorrarekiko dugun lotura umorez landu zuten musika maixuki baliatuz. Jende asko gerturatu zen azken antzezlan hau ikustera eta aktoreak txalo zaparrada luzearekin saritu zituzten amaieran.
Igandea berriz, dantzaren eguna bilakatu zen. Eskolako dantza talde ezberdinek euren erakustaldia egin zuten bi saio ezberdinetan. Goizean euskal dantza eta euskal dantza sorkuntzako taldeen emanaldia izan zen eta arratsaldean berriz, dantza garaikideko ikasleena.
Txiki, gazte eta helduek maila altuko dantza erakustaldiak eskaini zituzten Manuel Lekuona lepo bete zuten herritarren aurrean.
Horrela amaiera borobila eman zioten antzerki eta dantza emanaldiz betetako hamabostaldi bereziari.
Asteburuan zehar eskainitako emanaldiekin bideoteka osatu du Txintxarrik. Era berean, Kukukaren antzerki eta dantza asteak hainbat irudi utzi ditu, argazki galerian ikus daitezkeenak.