Goizeko bederatzietan puntuan Xabier Egea udaleko idazkariak eman dio hasiera Udabatzarrari eta ez da ezustekorik egon. PSE-EE izan zen maiatzaren 24ean alderdi bozkatuena herrian eta horrela izanda, Jesus Zaballos izango da datozen lau urteetan herriko alkatea.
Lehenik eta behin zinegotzi akta zin egin behar izan dute udal gobernu berriko kideek. Horretarako zinegotzi helduena, PSE-EEko Jose Mari Urdampilleta, eta gazteenarekin osatu da mahaia, PPko Alejandro Saenzekin.
Banan-bana zinegotzi akta hartzen joan dira. Ondoren, hautagaitzen ordua izan da. PSE-EEko Jesus Zaballosek bere burua aurkeztu du baita EHBilduko Pablo Barriok ere. Zinegotziek bozka eman eta kontaketa hasi behar zela, Ricardo Izagirre herritarraren aldarriak eten egin du plenoa.
Etena
Izagirrek defendatzen du herriaren izena Lasarte bakarrik izan behar duela eta mezu hau zeukan pankarta zabaldu du. Berarekin hitz egin eta plenoa uzteko eskaerari ezetza eman dionez, idazkariak udaltzainak deitu behar izan ditu. Minutu batzuen buruan atera dute herritarra pleno aretotik.
Jarraian bozkaketan, bozka bat izan du PPko Alejandro Saenzek, bi bozka txuri, hiru Lasarte-Oriak Ahal Du-ko Arkaitz Nayarentzat, lau bozka Pablo Barriorentzat eta zazpi bozka izanda dira Jesus Zaballosentzat.
Idazkariak, PSE-EEko Jesus Zaballos izendatu du alkate eta honi eman dio aginte makila.
Zaballosek eskerrak eman nahi izan dizkie beregan konfiantza jarri duten herritarrei baita herriko talde sozialistari ere. “Agintaldi honetan lasarteriatar guztien alkate izango naiz, denentzat gobernatuko dut” esan du. Horrekin batera lan ildo nagusiak aipatu ditu “krisi ekonomikoa gogor pairatu duten herritarrak laguntzeko, gizarte zerbitzuak indartzea izango da lehentasuna, laguntzak handituz elkartasun eta justizia soziala bermatzeko”. “Ezin dugu udal gobernu bat izan gure bizitzaren kalitate hobe bat lortzeko beharrezkoak diren esku-hartzeak ahazten dituena”.
“Herrian eskasak eta zaharkituak geratu diren kirol instalazioak hobetzeko lan egingo dugu”. “Hezkuntza hoberena bermatu behar da herriko eskoletan eta horretarako instalazio egokiak izan behar dituzte”.
Gardentasunez gobernatzeko “konpomisoa hartzen dut” eta beste neurri batzuen artean, alderdi guztiei jokaera kode etiko bat sinatzea proposatuko die baita astean bitan alkatearen bulegoa herritarrentzat zabalik izango dela aipatu du. Beste alderdiekin akordioetara iristen saiatuko dela adierazi du ere Zaballosek.
Esan behar da alkate berriak bere diskurtsoa nagusiki gazteleraz egin duela, euskaraz zati batzuk irakurri dituen arren.
Udal berria
Datozen lau urteetan udalbatzarreko kide izango dira, PSE-EEko Jesus Zaballos, Lourdes Acevedo, Agustin Valdivia, Maite Iglesias, Txus Alonso, Beatriz Juez eta Jose Mari Urdampilleta. EHBildurekin, Pablo Barrio, Leire Elizegi, Gorka Lizarraga eta Kris Bernal. Lasarte-Oriak Ahal du hautesle taldearen izenean Udalbatzarrean lanean izango diren kideak dira: Arkaitz Naya, David Ares eta Alicia Garcia. EAJ-PNVk bi kide izango ditu korporazioan, Estitxu Alkorta eta Jon Antxordoki. Azkenik, lehen legealdia izango da PPko Alex Saenz gaztearentzat.
Barrio Oposizioan
Azken lau urteetan alkate izan den Pablo Barriok, “hasitako bideari oposiziotik jarraipena emango diogu” adierazi zuen ekitaldiaren ostean. “Duela lau urte aldaketa eman zen, kudeaketa modu aldatu eta herrian ilusio bat, beste giro alaiago bat egon dela iruditzen zaigu eta horretaz oso harro gaude.
Aurrera begira horretan jarraituko dugu lanean”. Zaballosek diskurtsoan gizarte zerbitzuak indartzearen beharra azpimarratu du eta alkate ohiari “azken urteetan aurrerapen handiak egin direla iruditzen zaigu baina bide horretan jarraitu nahi badute, alboan izango gaituzte“ gainerakoan EHBilduko zinegotzien asmoa, lana eta oposizio arduratsua egitea dela esan zuen.
Esparru pertsonalean, berarentzat beste fase bat hasten dela aitortu zuen, “pena ematen dit alkatetzan hasitako bideari jarraipena ez ematea baina aldi berean, alkate izateagatik bazterrean utzitako zenbait gauza berriz hartzeko garaia dut eta pozik nago” .