Emaitza bikainak erdietsi zituzten LOKEko gimnastek joan den asteburuan Durangon, bakarkako probetan bereziki. Podioko maila gorenera igo zen Aizpea Arroyo Senior A mailan; lehenengo postua eskuratu zuen zintarekin eta bosgarrena uztaiekin. Bi probetako puntuazioa eskuetan hartuta, sailkapen orokorrean lehen postuan geratu da herritarra. Garazi Gomez gimnastak ere meritu handiko emaitza lortu zuen, hirugarren postuan geratu baitzen kategoria berean. Zintarekin bigarrena izan zen eta zortzigarrena uztaiekin.
Jubenil B mailan ere ordezkaritza izan zuen LOKEk podioan, Ainara Apeztegiak hirugarren postuan amaitu baitzuen txapelketa. Zintekin bigarren postua erdietsi zuen eta mazekin berriz zazpigarrena.
Taldekako lehiaketetan ere hartu zuten parte LOKEko gimnastek, kadete, jubenil eta senior mailetan. Bederatzigarren, hamaikagarren eta seigarren postuak erdietsi zituzten hurrenez hurren.
Emaitza paregabeak
Logikoa den moduan pozarren dago Maite Rueda prestatzailea gimnastek eskuratutako emaitzekin, bakarkako kategorietan batez ere. “Paregabeak dira lortu ditugun emaitzak; ez genituen horren emaitzak espero denboraldi honetan, egia esan”, aitortu du Ruedak. “Urte asko daramatzate gimnastek gurekin. Erlaxatu beharrean, urtetik urtera ari dira hobetzen. Emaitzak nesken ahalegin eta konpromisoaren emaitza dira”.
Konpromisoa. Hori izan daiteke LOKE gimnasia erritmikoko taldea definitu dezakeen hitzetako bat. “Entrenamendu bakar bat ere ez dute galtzen neskek urte osoan”, nabarmendu du Ruedak. Hurrengo urtera begira gainera, egoera berezi bati egingo dio aurre taldeak: “Garazi Gomez Salamancara joango da ikastera. Horrek, ordea, ez du suposatuko taldearen dinamika jarraitu ezingo duenik, esan baitigu hilean behin koreografiak ikastera etorriko dela, eta kanpoan egon bitartean entrenatzeko toki bat aurkitzen saiatuko dela. Gure neskek duten konpromiso maila altuaren adibide garbia da hau”, adierazi du LOKEko prestatzaileak.
Bakarkako emaitzen aldean taldekakoak ez dira horren onak izan, Ruedak azaldu duenez: “Neskek ongi lehiatu dute, maila badutela erakutsi dute. Kontua da taldeen arteko lehia oso gogorra dela, maila altua da oso”.
Denboraldia modu ezin hobean itxi du beraz LOKE gimnasia erritmikoko taldeak. Dena dela, ez dio guztiz agur esan oraindik, hilaren 21ean erakustaldi saioa eskainiko baitute gimnastek Udal kiroldegian, 11:00etan. Egun horretan bertan denboraldi amaierako bazkaria antolatu du LOKE elkarteak, Araeta jatetxean, 14:00etan.