Herriko ordezkaritza zabala bihar Zarauzko triatloian

Iñigo Gonzalez Sarobe 2015eko ekainaren 12a

Joan den urteko abendutik gogor entrenatzen aritu ostean, egindako lana ur zein errepidean erakusteko ordua da Saiatuz taldeko kideentzat. 6 ordezkari izango ditu guztira taldeak Zarautzen bihar eta 7 Lasarte-Oriak, Maria Mendibe herritarra ere irteera lerroan izango baita. "Denboraldiko lasterketa nagusia" izango da biharkoa horietako askorentzat, eta helburuak, argiak: lasterketaz gozatzea eta bukatzea.

Ramon Altuna, Imanol Arteaga, Zigor Gallardo, Miguel Angel Fernandez, Enaitz Ibarburu eta Asier Gorostegi. Bihar Zarautzen izango diren Saiatuz taldeko sei triatleten izenak dira. Horiez gain, taldekoa ez den arren, Maria Mendibe herritarra. Herriko 7. ordezkaria. Artikulu honetan bakarrik ez, Zarauzko triatloiko sailkapen ofizialean izen horiek irakurtzea ere ez legoke gaizki. Guztiz kontrakoa, ezin hobea litzateke, gauzak ongi joan direnaren seinale.

Horretarako, Zarauzko erdi distantziako triatloia osatu beharko dute lehenengo. 2,9 kilometro igerian, 81 bizikletan eta 20 lasterka. Zifrez hitz egiten hasita, 29. edizioa du aurten kostako herriko proba entzutetsuak. Proba, Innevento Sports eta Zarauzko, Gipuzkoako eta Euskadiko Triatloi Federazioek antolatu dute.

Getariako Malkorbe hondartzatik irtengo dira triatletak, bi txandatan: 14:00etan emakumezkoen txanda izango da eta handik ordu laurdenera ekingo diote triatloiari gizonezkoek.

Malkorben izango da baita ere Asier Gorostegi, Saiatuzeko taldekideekin batera. Luze eta zabal hitz egin dugu herritarrarekin, probaren atalei eta Saiatuz taldearen helburu, egoera eta etorkizuneko erronkei buruz.

"Zarautz, Zarautz, Zarautz"

Hitz hori daukate buruan Altunak, Gallardok, Fernandezek, Arteagak, Ibarburuk eta Gorostegik. “Biharkoa denboraldiko proba nagusia da guretzat, abendu-urtarriletik daramagu entrenatzen”, aipatu du Gorostegik. 

Entrenamendua. Biharko triatloiari ahalik eta baldintza onenetan aurre egiteko berme eta errezeta bakarra. Lehenengo oztopoa, itsasoa: “Ikusi beharko da zer moduzkoa den eguraldia. Itsasoak errespetua ematen du beti eta metro bateko olatuak daude aurreikusita, ea nola joaten den”. 

“Bizikletaz egin beharreko zatia gogorra da oso, Aiako eta Txurrukako aldapengatik batez ere. Meagaseko gaina bi aldiz igoko dugu. Eguraldiak izan dezakeen eragina ere hartu beharko dugu kontutan, euriaren eraginez errepidea irristakorra egon daiteke eta”, azpimarratu du Gorostegik. 

Bizikleta utzi eta lasterka egiteko oinetakoak jantziko dituzte triatletek ondoren, 20 kilometroko ibilbidea osatu eta proba amaitzeko. “Ikusi beharko da nola iristen garen puntu horretara, erritmoak baditugu buru barruan baina batzuetan hankek ez dute behar bezala erantzuten”, dio Saiatuzeko triatletak.

Gozatu...eta bukatu

Saiatuz ordezkatuko duten triatletek helburu desberdinak dituzte biharko probara begira, Gorostegik esan duenez: “Imanolek eta Ramonek badaramatzate urte batzuk triatloien munduan, eta marka egitera joango dira. Besteok ere begiratuko diogu erlojuari, baina helburu nagusiak gozatzea eta triatloia bukatzea izango dira”.

Biharko probarako baditu helburu eta erronkak Saiatuz taldeak, eta baita datorren urterako ere: Triatloi talde propio bat eratu nahi dute, estatutu eta guzti. “Txirrindulari talde bat” da Saiatuz izatez, Gorostegik nabarmendu duenez. “Lasarte-Oriako triatloi talde propio bat eratu nahi dugu, eta orain babesle eta laguntzaile bila gabiltza”.

Horren harira, Zarautzen helmuga zeharkatu eta gero Avenida tabernara joango dira afaltzera Saiatuzeko kideak. Indarrak giro ederrean berreskuratzeaz gain beraz, datorren urterako gauzak lotzen ere hasiko dira triatletak. Itsasoan eta errepidean bakarrik ez, hortik kanpo ere makina bat lan egin beharko dute. Gogo eta ilusiorik behintzat ez zaie falta.