Elikadura jasangarria aztertzen

Txintxarri Aldizkaria 2015ko eka. 10a, 16:17
Gaur egungo gizartean pil-pilean dagoen gaia da elikadura jasangarriarena, eta hori izan dute gaur hizpide herriko bi ikastetxeetako ikasleek udalbatzarrean. Lasarte-Oriako Agenda 21 programari jarraituz lan handia egin dute 1.300 gaztetxo inguruk, eta lanketa horren ondorio nagusiak plazaratu dizkiete gaur udal ordezkariei.

Itxura kuriosoa hartu du gaur goizean pleno aretoak. Normalean zinegotziak egoten diren tokian Landaberri eta Sasoetako ikasleak eseri dira. Urte osoan zehar lan ugari egin dute Agenda 21 programaren baitan, elikadura jasangarriaren gaia ardatz hartuta, bigarren urtez jarraian. Gaur plazaratu dizkiete udal ordezkariei hilabeteotan zehar landutakoa eta hortik atera dituzten ondorioak.

Udalari egindako proposamenen artean, bertako baserritarrei euren produktuak saltzeko laguntza ematea azoka egokiak prestatuz eta daudenak mantenduz, herriko azoka eta denden produktuek kontsumoa sustatzea edota udal baratza ekologikoak sortu eta herritarren eskura jartzea aipatu dituzte ikasleek.

Hamaikak baino lehenago hasi da mugimendua pleno aretoan, bi ikastetxeetako ikasleen ordezkariak azken errepasoa ematen ari baitziren esan beharrekoari, Artelatzeko kideen laguntzarekin. Mikrofonoak ongi funtzionatzen zutela egiaztatu, hitz egiteko txandak antolatu, etab. Dena prest gainontzeko ikasle eta irakasleak igo direnerako. Eserlekuetan edo lurrean eseri eta ikaskideek esateko zutena adi entzuteko prestatu dira. Gauza bera egin dute, euren parean, Pablo Barrio alkateak, Boris Nogales Hezkuntza zinegotziak eta Xabier Goitia kultur arduradunak.

Lanketa, zikloka

LH 1, 2 eta 3. zikloko ikasleak murgildu dira Agenda 21 egitasmoan, eta alor desberdinak landu ditu bakoitzak. Lehenengo ziklokoek oinarrizkoa den elikaduraren piramidea aztertu dute, eta baita bakoitzak egunerokoan dituen elikadura ohiturak ere.

Bigarren ziklokoek berriz, ikastolara egunero eramaten duten hamaiketakoari erreparatu diote, ikusiz zer motatako janaria kontsumitzen duten eta jan ostean zenbat eta nolako hondakinak sortzen dituzten. Azkenik, hirugarrenekoek antzinako eta gaur egungo elikadura ohituren inguruko lanketa egin dute, kontsumo taldeak zer diren ikasi, bertako nekazal errealitatea gertutik ezagutu eta elikadura jasangarriaren nondik-norakoak ezagutu.

Horrez gain, maiatzaren 20an ikasleen arteko foro bat antolatu zuten, eta ‘Jardunbide egokien dekalogoa’ prestatu zuten, hartu beharreko konpromiso batzuk izendatuz. Besteak beste, gosari orekatu bat egitearen garrantzia, denetatik jatea, bertako ekoizleak baloratu, lagundu eta euren produktuak erostea eta janaria alferrik ez botatzea sartu dituzte zerrenda horretan.

Ateratako ondorio orokorrak

Luze eta zabal hitz egin dute ikasleek lanketa prozesuan zehar ateratako ondorioez. Konturatu dira, esaterako, hamaiketakoan fruta gehiago sartu behar dutela eta hondakin gutxiago sortu. Horri lotuta, elikadura nahiko orekatua daramatela ikusi arren, uste dute fruta eta barazki gehiago jan behar dituztela eta litxarkeria gutxiago.

Era berean, bertako produktuen aldeko apustu garbia egin behar dela azaldu dute pleno aretoan: Antzinako belaunaldiek hori sarriago egiten zutela ondorioztatu dute, eta azpimarratu dute lagundu egin behar zaiela gisa horretako produktuak ekoizten dituzten nekazariei, saltzeko aukera gehiago emanez herrian eta kontsumitzaileek produktu horiek gehiagotan erosiz.

Azken puntu horrek dituen abantailez ere hitz egin dute Landaberri eta Sasoetako gaztetxoek. Ikasi dute garaiko eta bertako produktuak osasuntsuagoak, freskoagoak eta zaporetsuagoak direla. Garraiatzen ere denbora gutxiago behar denez, ingurumenarekiko askoz onuragarriagoa dela nabarmendu dute.

Udalari egindako proposamenak

Ordura artekoak adi-adi entzun dituzte udal ordezkariek, baina iritsi da ikasleek egindako proposamenak entzun eta erantzuna emateko ordua. Pablo Barrio alkateak hartu du hori egiteko ardura.

Jan beharreko elikagaien modura, orotarikoak izan dira ikasleen proposamenak. Baserritar eta azokei dagokienez, ekoizleei laguntza eman, produktuen salmenta erraztu eta fruta eta barazki festa eguna urtaro bakoitzean ospatu behar dela pentsatzen dute ikasleek. Erantzun gisara, Barriok azpimarratu du Udalak “ahal duen guztia” egiten duela haiei laguntzeko euren esku dagoen neurrian, eta nekazariek ekoizten dituzten produktuak “osasuntsuenak” izanik “egunero” kontsumitzera animatu ditu pleno aretoan bertaratutako guztiak, ikasle zein irakasleak.

Herriko merkataritza eta azoka zein dendetako produktuen kontsumoa sustatzeko eskatu dute ikasleek. Horren aurrean, Barriok erantzun du Udalaren kezka nagusietako bat dela zeregin hori, eta bertako produktuak kontsumitzearen zenbait onura aipatu ditu, ekoizle eta erosleen arteko aldea ahalik eta azkarren murriztearen beharra azpimarratuz.

Hurrengo eskaera Udal baratzei buruzkoa izan da. Gaztetxoek eskatu dute gisa horretako ortuak herritarren eskura jartzea. Ideia “oso interesgarria” dela onartu du alkateak, baina Lasarte-Orian horretarako egokiak diren lursail “oso gutxi” dituenez Udalak, orain artean ezin izan zaio formarik eman.

Lur falta hori ere antzeman dute ikasleek, eta alkateari galdegin diote herriko basoak zaintzeko eta zabaltzeko. Barriok gogoratu du urtero egiten dela Zuhaitzen Eguna, arrazoi horregatik beragatik.

Azkenik, sortutako hondakinak berrerabiltzearen garrantziaz hitz egin dute ikasleek, eta alkateak zenbait proposamen eta aholku zerrendatu ditu horren harira. Esaterako, erosketak egitera joatean poltsak etxetik eramateko.

Bukaerako ‘sorpresatxoa’

Lanketa azaltzen amaitu ostean, Boris Nogales Hezkuntza zinegotziak hartu du hitza eta ikaslea zeneko garaiak ekarri ditu gogora, alkatearekin batera. Bere anekdota pertsonal bat kontatuz aholkatu ditu ikasleak: bera haurra zenean Coca-Cola eta bestelako lata zein plastikozko ontziak kontsumitu beharrean, ‘La Casera’ edari gasduna kristalezko ontzietan edaten zutela kontatu du, eta behin amaitzean dendara eraman eta trukean zentimo batzuk eskuratzen zituztela. Berriro hartu beharreko ohitura izan daitekeela nabarmendu du Nogalesek.

Ekitaldia bukatzear zela, ikasle talde batek ikastolan prestatutako bertsoa abestu du, pleno aretoko ikusleen harridurarako. Elikadura jasangarria sustatu beharraz kontziente direla erakusteaz gain, bertsolari finak direla ere erakutsi dute gaur goizean.