Rocioko erromeriarako guztia prest

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 8a

Maiatzaren 24 eta 25eko gauean hesiaren jauzia izan zen Almonteko herrixkan eta Uso zuria ermitatik atera zuten fededunek gurtzeko. Aurretik Andaluzia eta Estatu osotik milaka lagunek erromeria egin zuten herrixkara, baita Lasarte-Oriako Semblante Andaluz elkarteko lagunek ere. Baina badago Rociora joan ezin duenik ere eta horregatik, Semblante Andaluz elkarteak Rocioko erromeria antolatuko du ekainaren 13 eta 14ean, Atsobakarreko parkean.

Semblante Andaluz elkarteko lagunek guztia prest dute XII. edizio honi hasiera emateko. Aurrekoa lez, asteburu osoa iraungo du erromeriak eta horregatik egitarau zabala antolatu dute. Ez dira bakarrik izango, Irungo Embrujo kultur elkartea, Errenteriako Concha Rociera eta Aljarafe, Andoaingo Triana eta Zuena elkarteak eta Arrasateko Al-Andaus elkarte andaluziarrek ere parte hartuko dute jaialdi honetan. 

Larunbatean, eguerdian hasiera emango zaio erromeriari eta 14:30ean, Herri Bazkaria izango da. 

Bazkal ostean berriz, musika izango da nagusi. 17:00etan, gonbidatutako etxeetako koru Roziero ezberdinak kantuan entzuteko aukera izango da eta 19:30ean, Amigos del Sur taldearen emanaldia.

Igandean, Arantzazuko Amaren parrokiara eramango dute jaia. 11:30ean meza rozieroa izango da “Semblante Rociero” koruaren eskutik.

12:30ean, Birjina aterako da elizatik eta herriko kaleetatik barrena Atsobakar parkerainoko bidea egingo du erromerian.

Parkera iristean, autoritate eta gonbidatuei ongietorria  egingo zaiei eta 15:00etan, elkarte gonbidatu eta Semblanteko lagun guztientzat herri paella izango da.

Indarrak hartu ostean, dantzarako txanda izango da. 16:30ean, Semblante Andaluz eta talde gonbidatuen emanaldiaz gozatu ahalko da eta ostean, Alegria de la Sierra taldeak dantzan jarriko du parkea.

20:30ean, Birjiniari agurra egingo zaio “Salve Rociera” abestuz eta jai giroa ordu batez gehiago egongo da parkean.

Hau guztiaz gain, Andaluziako giroa Atsobakarreko parkera ekartzeko, musika eta Erkidegoko produktuak dastatzeko aukera izango da asteburu osoan zehar egongo den barran.

Semblante Andaluz elkarteak bere kideak eta herritarrak gonbidatzen ditu ekainaren 13 eta 14an Atsobakarreko parkera hurbildu eta erromeriaz gozatzera.