Ikasturte amaieran sartuta, Brancussi akademiako ikasleek euren lanak ikusgai izan dituzte Merzero aretoan. Ostiralean erakusketari amaiera eman nahi izan zioten ikasle guztiek.
Aurten 60 ikasle aritu dira marrazketa lantzen eta guztira 82 lanekin osatu dute erakusketa Jose Manuel Monge irakasleak azaldu moduan. 15 urte dira akademian marrazketa haur eta gaztetxoekin lantzen dutela eta dagoeneko hamar urte dira halako erakusketak herrian antola-tzen.
Denak pozik azaldu ziren erakusketak izan duen harrerarekin. Leku ezin hobea dela aipatu zuen irakasleak eta hauen beharra herriko artisten lanak jendeak ezagutzeko aukera izan dezan. Izan ere, areto argitsua, handia eta zentrikoa da. Plazan bertan egoteak Mongeren hitzetan, bisitari gehiago erakarri ditu aurtengoan.
Gazteenentzat esperientzia berria izan da halako aretoan lanak erakustea eta behin baino gehiagotan gerturatu dira guraso, senide edota lagunekin lanak erakustera.
Marraztutakoari dagokionez, irakasleak proposatutako gaiak izan dira batez ere. “Ikasturtean zehar landutako ariketak praktikan jartzeko”.
Irailean berriz ikasturteari ekiteko gogotsu agertu ziren ikasleak eta irakaslea eta datorren urtean ere erakusketa dotorea prestatuko dutela argi dute.