LOKEko neskak Gipuzkoako azpitxapeldun

jon-altuna-egitegi 2015ko eka. 7a, 21:39
Herriko klubeko neskek historia egin dute. Lehen aldiz LOKEk Gipuzkoako txapelketan lehiatzeko taldea osatu du, hori gutxi ez, eta podiumeko bigarren koskara igo dira Oscar Goikoetxea eta Amaia Andresek entrenatutako atletak.

Maiatzaren 2an izan zen lehen jardunaldia Donostiako Miniestadioan eta joan den asteburuan lehiatu zuten bigarrena, leku berean. Bi  jardunaldien artean osatutako 20 probetan batutako puntuek balentria lortzeko balio izan diete. Probintziako bigarren talde onena da Lasarte-Oriakoa Atletico San Sebastianen atzetik eta Super Amara-Bidasoa Atletiko Taldearen aurretik.

“Eurenak ez diren disziplinak egin behar izan dituzte denek, elkartasun handia erakutsi dute eta emaitzengatik baino, harroago nago neskek erakutsi duten jarreragatik”, onartu du Oscar Goikoetxea entrenatzaileak.

Izan ere, esaterako, Amaia Harto disko eta xabalina jaurtitzailea 1.500 metroetako  iraupen-erdiko proban ikusi ahal izan genuen, Idoia Olasagasti abiaduran espezialista den neska 400 metro hesietan edota Maider Rekondo pisu-jaurtitzailea pertika-jauzian.

Emaitza onak erdietsi zituzten gainera, lau domina eskuratuz. Eneritz Busto 3. izan zen 400 metro hesietako proban, 1:07.87ko denborarekin. Maider Rekondo 2. izan zen disko-jaurtiketan 37,50 metroko jaurtiketa eginda. Mailu-jaurtiketan ere zilarra erdietsi zuen lau kiloko gailua 26.23 metrora botata. Oihana Igarriz 3. izan zen proba berean 19.52 metrorekin. Orain, lanean jarraituko dute Espainiako txapelketei begira.