Ostadar SKTk festa handi batekin amaitu du denboraldia

Txintxarri Aldizkaria 2015eko ekainaren 6a

Herriari irekitako jaialdia antolatu zuen atzo Ostadar SKTk. Aurtengo berrikuntza denboraldi amaierako festa Okendo plazara eramatea izan da. Okendo plazan tenisa, toka, bola-jokoa, saskibaloia eta futbola egin zituzten, besteak beste. Barra bat jarri zuten eta plaza jendez bete zen larunbat arratsaldean. Auzolan saria Peio Ormazabal Erketzeko kideari eman diote eta Eneritz Busto LOKEko atletari kirolari onenarena.

Toka, triple lehiaketa, tenisa, bola-jokoa, pintxoak, zozketak... Denetarik izan zen Okendo plazan ospatu zuten denboraldi amaierako jaialdian. Ohi bezala, Auzolan saria eman zuten, aurten Peio Ormazabali eman diote, urte luzez Erketzen dantzari eskainitako  denbora eta gogoagatik. Herriko urteko kirolari onenaren sarria berriz, Eneritz Busto LOKEko atletari eman diote Espainiako txapeldun izan baitzen neguan, 60m hesietan. Ostadarreko taldeetako jokalari jatorrenek ere jaso zuten oroigarria eta Eibar, Reala eta Baskoniaren materiala zozketatu zuten.

Futbol Eskola
Bestalde, datorren denboraldirako futbol eskolako izena-emate epea zabalduta dago hilaren 19ra arte. Informazio gehiago Ostadar SKTren bulegoan bertan eskuratu ahal izango da, 18:00etatik 20:00etara. 2005, 2006 eta 2007 urteetan jaiotako gaztetxoentzat da eskaintza.

Areto futbola
Datorren urteari begira, areto-futbolean kadete eta jubenilen taldea osatzeko asmotan dabil Ostadar SKT. jokatzeko edota taldeak diruz babesteko interesa dutenek ostadarfs@gmail.com helbidea edo 675 706 127 zenbakia dute aukeran.

Mendi saila
Mendi martxaren hamargarren edizioa burutu zuten joan den asteburuan Ostadarreko 22 lagunek.

Eguraldi paregabea izan zuten egun osoan zehar, eguzkitsu eta bero saparik gabe. Hasteko, Kostaldeko GRa jarraitu zuten Sokoatik Hendaiaraino. Itsasontziz Hondarribiara pasa ostean, Jaizkibelen labarretatik bide ikusgarria egin zuten Pasai Donibaneraino. San Pedrora barkuan igaro eta Talaia Bidean barrena, Donostiara ailegatu ziren ia 10 orduko ibilbidea eginez. 

Gauean afaria egin zuten Xirimirin eta Fati Serrano eta Joxan Salsamendi bikotea omendu zituen Ostadarrek.

Argazkiak: Jaialdiko galeria