Tomateak, landare aromatikoak... gaur Udal pabilioian egin zen tailerrean zure balkoi edo terrazan baratza txiki ekologikoa nola izan azaldu dute.
Anjel Azpillaga eta Igone Campos Mendi Enarako ingurumen hezitzaileek lehenik asmoa aurrera eramateko hainbat liburu gomendatu dizkiete tailerrera hurbildu ziren herritarrei.
Gainera, baratzaren orientazio egokiena, ongarri naturalak (konposta, azeri-buztana edo osina) edo landareak non kokatu ere izan dituzte hizpide.
Azkenik, lorontzietan barazki eta lore aromatikoak nola landatu eta hauek nola zaindu ikasi dute era praktikoan.
Gaikako bilketa
Bestalde, aste osoan zehar, bi ingurumen-hezitzailek herriko komertzio eta ostalaritza establezimenduak bisitatu dituzte kartoi hondakin guztiak gaika modu egokian biltzeko kontzientziatu eta Sanmarko komunitateak duen bilketa zerbitzua ezagutzera emanaz.
Asteartero 9:30etik aurrera zerbitzuko kideak komertzioz komertzio doaz kartoiak biltzen. Baldintza bakarra, dendariek kartoi hondakinak tolestuta eta pilatuta uztea da.
Zerbitzuan izena emateko merkatariek Sanmarko Markomunitateko 943 21 49 77 zenbakira deitu behar dute.
Honetaz gain, hezitzaileak auzoz auzo ibili dira triziklo berezi batzuetan eta hauetan gaikako birziklapenari buruzko informazioa zuten. Garraiobide berezi hauekin, herritarren arreta bereganatu nahi izan dute eta herritarrek galdetuz gero, birziklapenari buruz zituzten kezkak azaldu dizkiete.