Ekitaldiak goizeko 10:00etan hasi ziren, Martin Iparragirrek dantzaturiko aurreskuarekin. Kataluniarrek les diables deitutako suzko ikuskizun bat eskaini zieten eta casteller bat ere egin zuten. Ostean, herri-kirolen txanda izan zen. Torredembarrako talde baten aurka lehiatzea zen asmoa, baina ezinezkoa izan zen eta Lasarte-Oriako bi taldeen artean erakustaldia egin zuten azkenean, sokatira, txingak, lokotxak etab. egin zituzten kataluniarrek euskal kirolak nolakoak diren ikusteko.
Torredembarrako talde batek kontzertu txiki bat eman eta bazkariaren txanda etorri zen gero, zikiro janarena: “Jendea liluratu egin zen. Han beste era batera jaten dute arkumea eta harrituta zeuden ikusi zutenarekin, ikusgarria egin zitzaien, egun guztia pasa zutelako Arzallus, Lasa eta koadrilak arkumea egiten, jende asko agertu zen eta argazkiak atera zituzten, ez daude ohituta”, adierazi du Juanjo Erauskin topaketaren antolatzaileetako batek.
Bazkaria bukatuta, Agirretxe, Mora, Urkola, Sito eta Garcia oholtzara igo ziren eta ordubetez jo zituzten euskal abestien bertsioak, jendea dantzan jarri zuten eta Kortaturen kanta asko ezagutzen zituztela azpimarratu du Erauskinek. “Oso parte-hartzaile geunden bai hemengoak zein hangoak, ederra izan zen”.
Bazkaloste luze baten ostean, Barcelona eta Athleticen arteko Kopako finala ikustera joan ziren gehienak.
Hurrengo eguna, igandea, lasai hartu zuten lasarteoriatarrek, hondartzan paseo bat eman, herria ikusi... “Torredembarra bitan banatuta dago, alde zaharra eta hondartzako aldea, arrantzaleena. Turistikoa da, Tarragonatik gertu. Oraingoz ez dugu beste topaketarik aurreikusten, baina San Pedro festetara etorriko dira batzuk”.