Nola otu zitzaizuen Hatikan taldea sortzea?
Hatikan taldea proiektu berezia izan zen. Badago misiolari talde bat WEC izena duena eta honen barruan Resonance proiektua dago. Hauek herri txikietara edo hizkuntza gutxituak dauden herrietara doaz eta kultur ikerketa bat egiten dute. Gurean musika, dantza, bertsoak eta hitza osatzeko erabiltzen diren elementuak izan ziren.
Hernanira etorri ziren eta ikastaro bat antolatu genuen Musika eskolan. Bertara Gipuzkoako elizetako jendea etorri zen, musikariak gehienak eta tailer horretan 13 abesti berri sortu ziren.
Proiektu honetan parte hartu dugunok sortu genuen Hatikan.
Nondik dator izena?
Izena jartzeko ez ginen ados jartzen eta hitz egiten ari ginela, Hatikan atera zen. “Zergatik? Hatikan” eta horrela geratu da.
Zenbat talde kide zarete?
Zazpi gara, soinu teknikariarekin zortzi eta batzuetan beste bi kide batzen zaizkigu bibolin jolea Jone Bartolomeu besaindarra eta txeloa Mada legazpiarra. Inaxio Intxaustik jotzen ditu gitarra, gitarra elektrikoa, txalaparta nirekin, txistua, txirula, harmonika. Orain hasi da bere alaba Sarai bibolina jotzen. Igor bajua, Unai bateria eta perkusioa eta abeslariak Ainara eta Rebeka, Javi Rebekaren aita gitarra jotzen eta ni teklatuan, akordeoian eta txalaparta jotzen.
Guk ez dugu kasualitateetan sinesten baina justu denak Hernaniko elizakoak gara. Ikastaroan ez ginen guztiak hernaniarrak. Baina ez dakigu nola, ze ez dugu inor baztertu nahi, Hernanikoak geratu gara bakarrik.
Tailer hori Zu zara jauna izenekoa disko bihurtu zen...
Aipatutako proiektu horren zuzendaria ingelesa da, Manchesterren bizi da eta beste elizako kide batekin hitz egin zuen korearra. Hau soinu irakaslea da unibertsitatean. Gure proiektua gustatu zitzaion eta abestiak grabatzeko prest zegoela esan zuen. “Zatozte hona eta dohainik grabatuko dizuet”. Guretzat esfortzu handia zen. Diru polita jarri behar genuen, baina grabaketa batek hemen ere diru piloa balio du.
Animatu ginen eta lanean hasi ginen abesti horiekin, ze gordinak ziren. Beraz, moldaketak etab. egin behar izan genituen. Bigarren eskuko mac bat erosi, plug-in bat sartu eta hor egon ginen buru belarri grabazioak eta probak egiten. Gauza guztiak prestatu eta Manchesterrera joan ginen.
Zergatik du izen hori diskak?
Abesti gehienetan agertzen da hitz hori, jauna. Oso garrantzitsua da guretzat, bera jauna denean gure elkarbizitza erabat aberatsa da.
Guretzat ez dago hoberik, bera jauna bada eta nik kasu egiten badiot, nire ingurukoek beldurrik ez dute izango. Zeren nik ez baitizut kalterik egingo, maite zaitudalako. Eta nahiz eta zuk niri huts egin, barkatuko dizut maite zaitudalako. Ez dago hoberik, beste mundu bat da.
Nolakoa esperientzia izan zen diska grabatzea?
Manchesterren bederatzi egun egin genituen eta sei egunetan bederatzi abestiak grabatu. Maratoia izan zen.
Talde osoa ez ginen joan. Bost joan ginen. Bidaian, oporretara zoazenean bezala, taldean bazoaz ba juerga bat da.
Han pasada bat izan zen. Pertsona horiek ezagutzea eta dena nola ematen duten ikustea, daukaten guztia. Oso berezia eta aberasgarria izan da bidaia.
WEC-ek duen gune batera joan ginen. Han egiten genuen bizitza eta bertan grabatzen genuen.
Haiek arduratzen ziren guztiaz, gosariaz, bazkariaz,... Gainera, gure alde otoitza egiten zuten, guk abestu ahal izateko eta behar genuena emateko. Maitasunez inguratuak geunden. Horrela lan egitea oso erraza eta aberatsa da.
Lan gogorra zen izan, egun osoa pasa behar zenuen han sartuta, grabatzen eta begiratzen.
Teknikoki eta musikalki ere, orain arte guk ez genuen horrelako ezer egin.
Gainera, Hyunkook soinu teknikariak nahasketak egin eta masterra egiterakoan ez zen oso konforme geratu eta bere aitari bidali zion Hego Koreara. Hara bidali zituen abestiak han masterizatu eta Manchesterrera bueltan etorri ziren.
Euskal doinuak eta instrumentuak erabili dituzue. Baina hara eraman al zenituzten instrumentuak?
Ez, aipatu legez. Gauza batzuk grabatu genituen.
Eta nik esate baterako akordeoia eraman behar nuen, baina kobratu nahi zidaten eta bertan egongo zela espero genuen. Beraiek bat lortzen saiatuko zirela esan ziguten eta horrela izan zen. Hohner handi eta zahar-zahar bat. Eta horrekin grabatu nuen abesti bat.
Nire urtebetetzea bertan izan zen eta nire arreba Manchesterreko eliza batean dago lanean eta hara joan ginen. Old Trafford ondoan dago eliza eta bertan ospatu genuen.
Hara eraman nuen akordeoia festa animatzeko eta abesteko. Eta bertan puskatu zen, zerbait izorratu zitzaion barruan eta “ostras, orain nola egingo dugu”.
Bertan etxe hartan, batek akordeoi bat zeukan ganbaran. Hura jaitsiko zidala esan zidan eta orain etxean daukat. Oparitu zidan, Kazakhstaneko akordeoia.
Eta euskarak leku garrantzitsua du...
Herri bakoitzak du hizkuntza bat eta gure hizkuntza da euskara.
Nik nahi nuen guztia euskaraz izatea, baina eztabaida sortu zen. Ulertu behar dugu gure herrian euskaraz ez dakien jendea dagoela eta horiek ere badute eskubidea entzuteko.
Haiek esaten ziguten, euskaraz hitz egiten duzuenean bihotzetara egiten duzula, ez buruari eta jainkoak hitz egiten digu bihotzetara, ez burura. Gauza da bihotzez egitea, maitasunez egitea. Maitasunik gabe ez dago ezer.
Testuak ebanjelioko zatiak dira bakarrik edo eguneroko bizitzak ere lekua izan du?
Gehienak salmoak ziren. Letrak sortzen ez gara oso trebeak eta ikastaro batean erabiltzeko aproposenak ziren. Gainera, taldeka egin genuen lan. Hiruko edo laukoak eta talde bakoitzak bere abestia egin zuen. Bakoitzak erabakitzen zuen nondik eta nola osatu abestia eta letra. Ba-tzuk bizitzaz hitz egiten dute.
Salmoak abestiak dira, horietatik zati batzuk hartu eta esan nahi genuena esanten saiatu ginen.
Gainera, salmoak dira jainkoari esateko ze ona den berarekin bizitzea, ze ona den bera gurekin eta zer den bera guretzat.
Abesti hauek zuen kultoetan abesten al dituzue?
Momentuz diskoa egiteko bakarrik balio izan dute abestiek, baina hauek kultuetan sartzen hasi behar gara, batzuetan ez da erraza.
Gaur egun gure elizan erdaraz abesten dugu eta euskaratutako abestiak ere badaude.
Jainkoak gure bihotzetan euskara jarri du eta gure oinarria, sustraia da eta nahi dugu euskaldun jendeak ere bera zein den ezagutzea. Ez erakutsi digutena.
Euskal Herriak ez daki nolakoa den Jainkoa eta nola maite duen Jainkoak Euskal Herria eta hori nahi dugu zabaldu. Gure abestiekin Jainkoak maite gaituela esan nahi dugu, bera maitasuna da eta berak “elkar maitatu” esaten digu.
Eta proiektu berririk ba al duzue?
Hor gabiltza. Pentsatzen dut ez ditugula hainbeste salmo erabiliko. Baina badira salmoak oso adierazgarriak eta zati batzuk oso potenteak dira. Testuinguruan kokatu daitezke, gure garaira ekarri, egokitu eta abestu.
Baina orokorrean Jainko ezezagun horri buruz izango da proiektu berria. Zeren eta jendeak ez du ezagutzen. Kontatu dietena dakite bakarrik, zuzen ez dakite ezer.
Proiektu berriarekin ere diskoa grabatzeko asmoa dugu. Euskaraz ez dagoelako ia ezer. Gaur egun Iruñean dauden bi lagunek egin zuten, Gerard eta Jane estatubatuarra eta kanadiarra dira eta haiek egin zuten disko bat euskaraz. Bestela ez dago beste ezer.
Lan handia dago eta taldea gogoz dago. Lan egin behar dugu, gure herria maite dugu eta maitasunarekin, ez da ezer kostatzen.