San Pedroak ate joka

Txintxarri Aldizkaria 2015ko eka. 4a, 20:41
Askatasuna parkean egindako prentsaurrekoan aurkeztu da San Pedro jaien egitaraua. Festetan omenduak izango diren elkarteak ere jakitera eman dituzte, kasu honetan, Ostadar-Saiarre kirol elkarteak eta Biyak Bat jubilatuen elkarteak jasoko dute herrian egiten duten lanari aitortza.

Askatasuna parkean egin dute udal eta elkarteetako ordezkariek San Pedro jaien aurkezpena. Azken urteetan egin moduan, egitaraua Jaietan Blai! prozesutik sortu da. Prozesua urtarrilean hasi zen eta dinamika ezberdinen bidez herriko elkarte eta herritarren proposamenak jaso dira, “festen norabide orokorrak nolakoa beharko lukeen zehaztu eta erabakitzeko” aipatu du Taxio Arrizabalagak.

Programari dagokionean, “ezaugarri azpimarragarriena herriko elkarteen elkarlana eta inplikazioa izan da. Jaien antolaketan aktiboki parte hartzen dute jada herriko eragileek, eta honek gure festak gero eta herrikoiagoak izatera daramatza, antolaketa eredu zabal eta plurala oinarri”. “Azken urteetan parte hartzean egindako lana jada sendotuta dago; Lasarte-Oriak, festa eredu berri baten aldeko hautua egin du” esan du Arrizabalagak. 

Aurtengoan, guztira, herriko 17 elkarte eta eragilek hartuko dute parte festetan: Sorgin Jaiak, Ttakun Kultur Elkartea, Beltzak Rugby taldea, Aterpea merkatarien elkartea, Intza pilota elkartea, Ostadar-Saiarre kirol elkartea (bolo eta toka sekzioa), Biyak Bat jubilatuen elkartea, Virgen de Guadalupe Extremadurako elkartea, Amaia Gonzalez Caballero dantza eskola, Alboka Abesbatza, Zero Sette akordeoi orkestra, ATLO Danborrada Elkartea, Udal musika eskola, Erketz Euskal Dantza Taldea, Saito Gimnasioa, APG elkartea (patinatzaileak) eta Tirriki-Tarraka. “Balorazioa beraz, ezin positiboagoa da zentzu horretan. Festak, herritik eta herriarentzat behar dute izan”. 

Beste urte batez ekintza gehienak kalean izango dira: kale antzerkiak, kaleko musika ikuskizunak, formato ezberdinetako kontzertuak, txarangak egunero, erraldoi eta buruhandien kalejirak…

Aurtengo izen nagusiak Gozategi, Zea Mays, Gatibu eta Ze esatek!, dira, ostiral eta larunbat gauean plazan joko duten taldeak.

Beste hainbat taldek ere haien ikuskizunak eskainiko dituzte, King Kong boy, Eskean kristo, The Garax, Gabezia, Ibai Berriak, Ezten Giro, Keep diggin, Obito, Parrandarako Horkresta, Bihotzkada, Rok Kam Broom, Kaoba,...

“Lasarte-Oria anitza izanik, festak ere guztionak behar dute izan”. Hori dela eta, jatorri ezberdinetako adierazpideak programara batzeko saiakera egin da. Herriko Extremadurako elkarteak, adibidez, bertako zaporeak dastatzeko eta doinuez gozatzeko aukera emango du astelehen eguerdian. Larunbatean Okendon 17:00etan Cadiz aldera salto egiteko aukera izango da, “chirigota”-rekin.

Adin guztientzat
“Festak herritar guztiontzat behar dutela izan ulertuta, aurtengo egitaraua, inoiz baino aberatsagoa eta zabalagoa da, adin multzo ezberdinentzako eskaintza bere baitan jasotzen baitu”. Goiz eta arratsaldeak haurrentzako ekintzez osatuta daude (haur parkeak, pailazoak, dantzaldiak, ikuskizunak, buruhandiak,...); jubilatu eta adinduenek ere festa giroaz gozatzeko aukera izango dute dantzaldietan, astelehen arratsaldeko konpartsan, etab. Eta gazteenek ere, elkarteek antolatutako ekintzetan, kaleko ikuskizunetan, larunbat gaueko egitarau oparoan (kontzertuen ostean batukada eta txokolatada),...  
Azken urteetan bezala, udalak herriko elkarte edo kolektiboak omentzea erabaki du, urteetan egin duten lanaren aitortza gisara. Aurten Ostadar-Saiarre kirol elkartea eta Biyak Bat jubilatuen elkartea izango dira jaietako pregoiak irakurtzen. Omenaldia ekainaren 29an, 13:00etan Manuel Lekuonan izango da. 

Azkenik kartel lehaiketako lan irabazlea ere aurkeztu dute, Nerea Uralderen lana izan da Gazteria eta Festak batzordean hautatutakoa.