Jose Cantos presidentea omendu du Texasek

Txintxarri Aldizkaria 2015eko maiatzaren 30a

Hogei urte egin ditu Jose Cantosek Texasen futbol alorreko presidentetza karguan, baina uzteko garaia iritsi zaiola uste du osasun arazoak tarteko. Joan den astean omendu zuten. Urte hauetan egindako lana eskertu nahian, bazkaria egin zuten Araetan zuzendaritza batzordeko kide, entrenatzaile, jokalari eta senideek.

Denera 35 lagun joan ziren bazkarira. Menua dastatu ostean, David Mateos eta Haritz ‘Pitxi’ Hernandez Texaseko kideek hartu zuten hitza Jose Cantos berarekin batera. Denboraldi amaierako hainbat sari eman zituzten hirurek, jokalari onenentzat. 

Kasu honetan, saridunak Alex Izagirre (jubeniletako jokalari jatorrena), Martin Verdugo (jubeniletako jokalari onena), Javier Torres (Erregionaletako jokalari jatorrena) eta Iosu Garcia (Erregionaletako jokalari onena) izan ziren. Denboraldi honetan kolaboratzaile izan dituzten ISU Leihoak eta Aizpurua Pinturak bi babesleekin ere detailetxo bat eduki zuen klubak; Toño Garciak eta Juan Mari Aizpuruak jaso zituzten oroigarriak.

Baina eguneko benetako protagonista Jose Cantos izan zen. Hogei urtez alboan izan duen Manuel Isasaren eskutik jaso zuen oroigarria eta emozio handiko uneak izan ziren bientzat.
Cantosek azaldu zuen osasun arazoak dituela eta hori izan dela kargua uzteko arrazoia. 

Laguntza emanez ondoan izan dituen guztiak gogoratu eta hitz eman zuen errekuperatzen denean “indar handiagoz” itzuliko dela “gazteek futbolaz gozatzen jarrai dezaten”.

Araetako eskenatoki txikian familia-argazkia atera eta festak jarraitu egin zuen giro onean.