Eskola Kirolaren festa handia ikasturteari amaiera emateko

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 30a, 17:00
Amaitu da 2014/15 denboraldia Eskola Kirolean ere. Aurten, 430 gaztetxok egin dute Eskola Kirolaren hautua. Denera hamabi kirol izan dituzte aukeran: atletismoa, erritmo kirolak, futbola, gimnastika, hastapen kirola, igeriketa, judoa, multikirola, natur ekintzak, pilota, saskibaloia eta tenisa. Ikasturtea modu ezin hobean amaitzeko, festa handia antolatu dute gaur Michelingo kirol-gune eta kiroldegian. Gaztetxoek primeran pasa dute.

Ikasturtearen balorazio positiboa egiten du Iñaki Aristondo Ttakun kultur elkarteko langile eta Eskola Kiroleko herriko arduradunak: “Gustura gaude denboraldiak eman duenarekin. Aurten gainera aurrerapausoa eman dugu entrenatzaile eta begirale guztiei kontratua egin zaielako. Esfortzu handia eskatu du zentzu askotan eta alde ezberdinetatik. Gure helburu nagusia gaztetxoak euskara ahoan, kirola eginez gozatu dezaten da eta horretarako ari tu gara lanean”.
Lanketa horretan, begirale guztien lana eta bereziki Gorka Segurolarena eskertu nahi izan ditu Aristondok.

Aurrerantzean ere, lanketa horrekin segitzeko asmoa du Ttakun euskara elkarteak, eta horretarako hasiak dira 2015/16 denboraldia presta-tzen. Fitxak datozen asteetan banatuko dituzte herriko ikastetxeetan eta izen-emate epea ekainaren 12ra arte egongo da irekita. Fitxa bete eta ikastetxean banatu beharko da.

“Lanean ari gara datorren urteari begira, hobetzeko gauzaren bat daukagun arren, aurtengoa bezain urte ona izatea espero dugu”, azaldu du Aristondok.

Festa handia

Michelinen futbola, atletismoa, errugbia, herri-kirolak eta eskubaloia egin ziren, kiroldegian berriz, saskibaloia.

Azkenik, Enara Ieregik zuzendutako erritmo-kiroletako neskek dantza emanaldia egin zuten eguna borobiltzeko. Festa bukatzeko, opari eta sorpresak egon ziren parte-hartzaile guztientzat. 

Guraso elkateei eta Udalari egindako lana eskertu nahi izan die eskola kiroleko arduradunak eta baita herriko kirol-elkarteei ere: Buruntzaldea IKT, LOKE, Ostadar eta Intzak emandako babesa izan ditu gogoan hain zuzen. Azken festa handia antolatzeko laguntza eman dieten Urbil, Gipuzkoa Basket eta Kutxari ere esker ona azaldu nahi izan die Aristondok.

Eskola Kiroleko Festaren argazkiak ikusgai galerian.