Ttakunek antolatzen duen Udaberriko bertso saioa ez da ohiko saioa izaten eta argi geratu zen berriro ere atzo “Doinuak lumaz” emanaldian.
Manuel Lekuona kultur etxeko aretora hurbildu ziren herritarrek Ane Labaka herritarraren, Andoni Egañaren eta Maialen Lujanbioren lanaz gozatu ahal izan zuten.
Bertso saioan literatura eta hitza izan ziren protagonistak. Zehazki, herriko 11 idazleren edo hauek aukeratutako testuak: Pedro Artetxe “Urdaneta”, Juan Garmendia Cortadi “Zeleta”, Harkaitz Cano, Pablo Barrio, Ixiar Rozas, Martin Anso, Beñat Urruzola, Idoia Garzes, Mari Jose Olaziregi, Iñaki Petxarroman edo Aitzol Iriondo.
Haien ahotsak entzuteko aukera ere izan zen emanaldian, idazleek haien testuak irakurri baitzituzten Miren Artetxe iloba edo Ixiar Arteagaren ahotsean, Cesar Marcosen marrazkien bidez, bideo edo audioan.
Baina ez ziren hitzak soilik egon oholtza gainean. Amaia Atxega, Amaia Dorronsoro eta Lierni Arozena piano joleek, Bixente Beltranek klarinetearekin edo Tomax Lizardik gitarrarekin testuei doinua jarri zieten.
Eta noski bertsoak ere izan ziren. Uxue Loinazek testu bakoitzeko gaia aurkeztu eta besteak beste, karrera amaitzear den ikaslearen paperean jarri zen Ane, Andonik fusilamendu bat ikusi duen artzai batenean, Maialenek Egañak eta Labakak erabiltzen duten ahotsa azaldu behar izan zuen edo Gipuzkoako txapelketara begira Andoni Egañak Ane Labaka probatu behar izan zuen.
Barre, algara eta txalo zaparrada. Jendeak ederki erantzun zuen bertsolariek egindako lanari.
Emanaldiko irudi gehiago argazki eta bideo galerian.