Eskola kiroleko ikasturte amaierako festa ospatuko dute bihar Michelinen

Txintxarri Aldizkaria 2015eko maiatzaren 29a

Herriko bi ikastetxeetan ikasturte honetan zehar eskola kirolean parte hartu duten 430 haur eta gazteek hitzordu garrantzitsua izango dute bihar Michelinen.

Goizeko 10:00etatik aurrera festa giroan jolas eta kirol ezberdinetan aritzeko aukera izango dute 12:30ak bitartean. Atletismoko pistan, futbol zelaian eta frontoian egingo dituzte jarduerak eta jokoak. Ohi bezala, ondo pasatzeaz gain, ezustekoak izango dira eta opariak jasoko dituzte gaztetxoek festa honetan.

Eskola kiroleko arduradunek gogoratzen dute topaketa honetara egitasmoan parte-hartu duten guztiak daudela gonbidatuta, LH1etik hasi eta DBH arteko taldeak hain zuzen.