Gerriko gorri eta urdinak estu lotu, erretxina edo pegapaloa eskutan eman palak izerdiarekin irrist egin ez dezan, eta aste honetan ekin diote XXXIV. Santa Ana Pala Txapelketari. Partidak astelehen eta astearteetan jokatuko dira Loidi-Barrengo frontoian, 18:30etik aurrera.
“Nik uste txapelketa polita aterako dela, lehiatua. Aurtengoan bederatzi bikote gara eta hiru pareja berri daude. Iaz baino txapelketa hobea aurreikusten dugu. Beste xarma bat eman nahi izan diogu eta parte-hartzea bi zifretara iristea nahi genuen. Azkenean, ez gara urrun ibili”, adierazi du Xenki Astiazaran txapelketako jokalari eta antolatzaileak, Jon Pagolarekin elkarlanean.
Arauak betikoak dira. Herrikoentzat da txapelketa, 35 tantora jokatuko dira partiduak, 7ko koadrotik aurrera; pilotak hortik atzera botea emanez gero, pasa izango da.
Loidi-Barrengo pilotalekuan jokatuko dira neurketa guztiak, eguraldia, haizea edo dena delakoa izanda ere, ez baitago inongo eragozpenik.
Bikoteen zerrenda
Denera bederatzi bikote dira: Bernaitz Odriozola - Santi Martin, Pagola - Jesus, Xabier Etxezarreta - Jon Pello Artetxe, Iñigo Arluziaga - Xenki Astiazaran, Gurutz - Josu, Beñat Esnaola - Xabier Arteaga, Potzu - Kamino, Imanol Bardaji - Ander Bardaji eta Josu - Koldo.
“Faboritoak lau direla esango nuke, lehengo urteko finalaurrekoa jokatu genuen laurak hain zuzen. Jon Pello Artetxe eta Xabier Etxezarreta, Xabi Arteaga eta Beñat Esnaola, Santi Martin eta Bernaitz Odriozola iazko finalistak eta gure bikotea (Xenki Astiazaran - Iñigo Arluziaga). Hala ere, beti daude sorpresak eta edozer gerta daiteke, adibidez, Bardajitarrak joko onarekin ikusten ditut”, onartu du Astiazaranek.
Hortaz, bederatzi bikoteek elkarren aurka jokatuko dute zortzi partidatan, ligaxka formatuan. Lehenengo laurak finalaurrekoetara igaroko dira eta bertan zozketa egiten da zeinek zeinen aurka jokatuko duen erabakitzeko. Final handia uztailaren 26an izango da, Santa Ana egunean.
Iazko txapeldunak Xenki Astiazaran eta Iñigo Arluziaga izan ziren eta duela bi urte Mikel eta Jon Begiristain anaiak izan ziren txapela jantzi zutenak. Hasi da txapelketa, onenak irabaz dezala.