Alemaniako Wiesbaden hiriko Kurparken instalatu da Pilar Soberon herritarraren “Aeolia’s Park” brontzezko eskultura. Iaz egon zen lekutik gertu dagoen eremua dela aipatu du artistak.
Brontzean egindako astigar haziaren eskultura da hiriak erositako bi eskulturetako bat.
Izan ere, 2014an Kunstsommer Festival delakoaren baitan, hainbat artisten lanak jarri ziren Donostiarekin senidetuta dagoen hirian.
Guztira bederatzi artisten lanak jarri ziren iazko udaran “9 zubi” izeneko egitasmoaren baitan. Herrialde ezberdinetako artisten artean zubiak eraikitzea, elkarlana, harremana sustatzea zen ekimenaren helburua. Soberonek azaldu bezala, sei arte galeria elkartzen dira urtero udako jaialdi hau antolatzeko hirian eta udalaren babesa dute beste eragile batzuen artean.
Lana astigar hazi bat da eta bidaiaren ideia osatzen duela aipatzen du Soberonek. “Hazi hau hegalaria da, hegan doa leku bat bilatzen sustraiak botatzeko, bidaia egin eta han lur hartzen duena”.
Laguntasunaren ikur
Soberonek azaldu bezala, Donostia eta Wiesbaden hirien arteko laguntasunaren sinbolo bezala geratu da bere lana han.
Honen kokapena hiriko ordezkariez gain, arte galerien ordezkariek ere babestu dute. Bi kulturen arteko lotura eta erreferente bilakatu dute.
Herriko artistak hazi hegalariaren mugimendua ezaugarritu nahi izan zuen lanean eta Wiesbadenetik azaldu dutenez, “hazi hegalariak leku ezin aproposagoa aurkitu du betirako bertan geratu eta sustraiak bota ditzan”.
Aipatu behar da, eskultura hau eskuratzeko hainbat ekimen egin direla hirian, besteak beste eskultura beraren irudi txikiak saldu dira azokan dirua lortzeko Rita Thies-en ekimenez.
Pilar Soberon oso pozik dago bere lanak izan duen harrerarekin eta han izan zen bertatik bertara bere eskulturaren kokapen berria zein den ezagutzen.