Zabaleta auzoa Teresa sorgina iristeko zain

Txintxarri Aldizkaria 2015eko maiatzaren 28a

Egun gutxi falta dira Teresa sorginak Zabaleta auzoan bereak egiteko. Sorginaren etorrerarekin batera, jai giroa nagusi izango da auzoko Antonio Blas plaza eta inguruetan. Haur edo heldueni zuzendutako hamaika ekintza antolatu dira auzoko eta herriko elkarte edo erakundeen laguntzaz. Hauen artean, Zabaletako II. Sorgin-Krosa edo txirrindularitza lasterketak.

Asteartetik ostegunera, 18:00etatik aurrera, haurrei zuzendutako ekintzak izango dira nagusi: jolasak eta bonba japoniarrak. Asteartean, jai batzordeak ohartarazten duenez, kamiseta zuria eraman behar dute gaztetxoek.

Honetaz gain, asteazkenean, antzerki emanaldia izango da eta ostegunean, 19:00etan Udal Musika Eskolako kideen kontzertuaz gozatu ahalko dute plazara gerturatzen direnek.

Baina Teresa sorgina ez da ostiralera arte iritsiko auzora. Iritsi baino lehen antzerkia emanaldia izango da. Ostean, erritmoa eta dantza izango dira nagusi Zabaletako jaietako egitarauan. Sorgin Dantza, DinbiBanda batukada, Jalgune elkarteko lagunen dantza saioa, Kukuka antzerki eta dantza eskolako dantza garaikidea eta Itzartu taldearen erromeria.

Larunbatean, kirol ekintzek izan zuten arrakasta ikusirik, bigarren urtez, Zabaletako Sorgin-krosa eta txirrindularitza lasterketak izango dira bertan. Auzotar eta herritarrek goizean auzoko kros sorginduan parte hartu ahalko dute.

Arratsaldean, aldiz, 16:30etik aurrera, alebin eta infantil mailetako txirrindulari lasterketez gozatu ahalko da. Honetan izango dira Bazpi txirrindularitza eskolako kideak lehian.

Joxe Migel Aranzadiren omenezko mus eta tute txapelketak ere izango dira.

Honetaz gain, haurrentzako puzgarri eta jokoek bertso saioari emango diote paso.

Eta gazteek, gaueko ordu txikiak arte gozatuko dute gazte rock gaueko taldeekin.

Igande goizean, baserritar giroa izango da nagusi. Euskal dantza eta tortilla lehiaketa izango dira eta Jai batzordeko kideek jakitera eman dutenez, bi berrikuntza izango dira, batetik Pepene baserriko idi eta zaldi arteko dema lehia ikusi ahalko da eta bestetik ohiko proba mixtoan aurten ez da auzoko talderik izango.

Jaietako azken orduetan, herri bazkaria, dantza, kantua eta toka txapelketak ikusiko ditu Teresa Sorginak erratza hartu eta mendira bueltatu baino lehen.

Zabaleta auzoko Jai Batzordeak auzotarrak eta herritarrak gonbidatzen dituzte Zabaletara igo, jaietan parte hartu eta ekintzez gozatzera.

 

Egitaraua

Asteartea 2

18:00-20:00, haurren jolasak. Eskulanak: "Birziklapen tailerra" eta kamixeta margoketa. Oharra: kamiseta zuri bat eraman.

20:00etan, japoniar bonbak

 

Asteazkena 3

18:00-20:00, herri-kirolak, haurren jolasak, opari arrantza eta antzerkia

20:00etan, japoniar bonbak

 

Osteguna 4

18:00-20:00, Amaraun Klubak antolatutako "Jolasen altxorra" eta oparien zozketa mundiala

19:00etan, Lasarte-Oriako musika eskolaren emanaldia

20:00etan, japoniar bonbak

 

Ostirala 5

18:00etan, antzerkia eta ondoren txokolatada

19:00etan, Teresa sorginaren jaitsiera txalapartarekin

Jarraian, pregoia

19:05ean, dantza herrikoia (sorgin dantza)

19:15ean, Dinbibanda batukada

19:30ean, Jalguneko lagunak

20:00etan, Itzarturekin erromeria

22:00etan, Kukuka antzerki eta dantza eskolako dantza garaikide taldea

23:00ean, Itzarturekin erromeria jarraipena

 

Larunbata 6

9:00etan, diana

11:00etan, Zabaletako 2. sorgin-krosa

12:00etan, VIII. Joxe Migel Aranzadi eskoba txapelketa

15:30ean, VIII. Joxe Migel Aranzadi mus txapelketa

16:30-18:00, txirrindulari lasterketak

18:15ean, Euskararen taupadak (Irrien lagunak puzgarriak)

19:30ean, japoniar bonbak

20:00etan, bertso saioa: Ane Labaka, Eli Pagola, Jexux Mari Irazu eta Iker Zubeldia. Gai jartzaile Unai Muñoa

00:00etatik 04:00etara, Gazte rock gaua: Goragaleak, Auskan eta talde sorpresa

 

Igandea 7

Denok baserritarrez jantzita

9:00etan, diana eta auzo garbiketa txapelketa

11:00etan, Kukuka antzerki eta dantza eskolako euskal dantza saioa

11:00etan, Tortilla lehiaketa

12:15ean, Pepe Eneako baserriko Imanolen zaldia eta Inazioren ideiaren arteko dema

13:15ean, Proba mixto nagusia

14:30ean, Herri bazkaria

17:30ean, Kantu festa “Xumela” koruarekin

18:00etan, Egan taldearekin erromeria

18:30ean, Toka txapelketa

20:30ean, Teresa sorginari agurra eta azken traka