Hasi dira Herriko Txapelketako play-offak

jon-altuna-egitegi 2015eko maiatzaren 25a

Ostadar SKT-ko talde federatuek euren ligak amaitu badituzte ere, herriko txapelketan dena dago erabakitzeke. Asteburu honetan hasi dira play-offak, final-zortzirenetan. Denera zortzi talde daude beraz koadroan, eta helburua bakarra da, ekainaren 20an jokatuko den final handian egotea, ikurrina eta garaikurra etxera eramateko.

Kito. Amaitu da sei hilabete iraun duen fase erregularra. Txapelketan izena eman zuten 13 taldeek 24 neurketa jokatu dituzte elkarren aurka Michelingo areto-futbol kantxan, eta dagoeneko erabakita daude hurrengo faserako partiduak.

Asteburu honetan ekin diete play-offei, final-zortzirenetan. Joan-etorriko kanporaketak izango dira denak: Txindoki-Reformas Lagunak, Insausti-Buenetxea, Punto-Urdaneta HK eta Izkiña Taberna-Viña del Mar izango dira nor baino nor final-laurdenetara igarotzeko borrokan.

Txapelketa irabazteko faboritoak azken urteotako berak dira, Txindoki eta Izkiña hain zuzen. Liga erregularrean lehenengo eta bigarren egin dute hurrenez hurren. Txindokik 63 puntu batu ditu 20 neurketa irabazi, hiru berdindu eta bakarra galduta. Izkiñak aldiz, 18 irabazi, lau berdindu eta bi galdu ditu. Normalena litzateke bien arteko finala ikustea ekainaren 20an udal-kiroldegian. Baina kanporaketa bidezko sisteman edozer gerta daiteke eta kontuz ibili beharko dute El Punto, Insausti edota 2012an txapelketa irabazi zuen Buenetxearekin. Txindoki 2013an izan zen garaile eta 2014an Izkiña Taberna. Azken urteotan ikusten denez, zaila da bi aldiz jarraian txapelketa irabaztea.

Kontsolazio play-offa
Txapeldunen fasera sailkatu ez diren gainontzeko bost taldeek euren arteko koadro propioa jokatuko dute. Indaux-Ilargi eta Bar Also-Txoko Taberna dira asteburu honetan eta datorrenean jokatuko diren neurketak. Trumoi final-laurdenetan batuko da kontsolazio txapelketara, ligan bederatzigarren egin izanagatik. Kontsolazio finala ekainaren 20an jokatuko da, final handiaren aurretik.

Pitxitxi saria
Ander Pecharroman Buenetxea taldeko aurrelaria izan da liga erregularreko golegile nagusia. 24 partidutan 53 gol sartu ditu, neurketako bi baino gehiago beraz. Eta horietako bat edo beste, benetan ikusgarria gainera, postura behartu eta era akrobatikoan sarturikoa. Pecharromanek baino hamar gol gutxiago, 43, sartu ditu Asier Rubio Izkiñako jokalariak eta hirugarren Txindokiko Javier Gomez izan da, 34rekin. Ate aurreko ikuskizuna ere ziurtatuta dago txapeldunen fasean.