Goizean, Pablo Barrio alkatea eta Iker Uson Baketikeko kidea izan dira sinadura ekitaldian.
Pablo Barrio alkateak azaldu duenez, bost lan arlo ditu hitzarmenak. Batetik politikoa alderdi guztiak batzen dituen politikarien mahaiari jarraipena emango zaio. Honetan berradiskidetzearen inguruko oinarrizko ideiak partekatu eta landuko den bizikidetza programari buruzko adostasunetara iristea da helburua; herritarren arloan, berriz, parte-hartzea eta bizipenak partekatzeko esparruak sortzen saiatuko dira, besteak beste, giza eskubideen gaia lantzeko; bestetik, herritarren foroan ideologia ezberdinetako herritar talde bat ari da lanean; hezkuntzan eskolako irakasleekin lehenik eta ondoren ikasleekin ere egin da lan eta azkenik, lan honen guztiaren dibulgazioa edo zabalkundea egiten da herritarrei jakitera emateko.
Aurrera begira, korporazio berri bat sortuko dela baina kontsensua egotea bilatu behar dela aipatu du alkateak. “Hauteskundeak eta gero egoera ezberdina izango da tentsio gutxiago egongo eta aukera handiagoa egongo da lan honi bultzada emateko”.
Iker Uson Baketik erakundeko kideak eskerrak eman dizkio Udalari proiektuarekin jarraitzeagatik, baita alderdi guztiei nahiz ea ikuspuntu ezberdinak izan bizikidetzaren gaia jorratu behar dela ulertzeagatik.
Gainera, bizikidetzari aukera eman behar zaiola azpimarratu du, “ez da erraza baina baldintzak sortu behar dira”. Eta hau prozesu bat bezala ikusi behar dela adierazi du, baita lanean jarraitu behar dela ere. “Ibilbide xumea eta polita egin da eta denok elkar ikasi dugu”.
Islada Ezkutatuak
Arratsaldean, berriz, Islada Ezkutatuak taldeko Mailu Arrutirekin sinatu du alkateak hitzarmena.
Pablo Barriok taldeak bost ildo jarraituko dituela azaldu du: testigantzak jaso, ikerketa lana egin, toki fisikoak arakatu eta aztertu, informatze lana eta hitzaldiak eta entzute saioak.
“Pozik eta harro gaude lortutako emaitzekin eta Udalaren babesa izango dute lanarekin jarraitzeko,” adierazi du alkateak.
Mailu Arrutik aipatu duenez, “dena zegoen egiteko eta emaitza onak izan ditugu”.
Honetaz gain, hitzarmen honek dituen bi berrikuntza azpimarratu ditu. Batetik taldeak urte hauetan bildutako testigantzak testura transkribatzeko konpromisoa hartu du eta materiala prestatzeko.
Bestetik, Txaldatxur eremuko indusketan auzolanean aurkitutako elementuak erakusteko leku bat izango du taldeak.
Honen harira, indusketara bisita gidatua egingo duela aurreratu du Islada Ezkutatuak taldeko kideak. Ekainaren 20an izango da hitzordua eta han aurkitutako lubaki eta materiala azalduko da. “Altxor bat ukitzen ari gara behatz puntekin. Lehen asko zegoen imajinatzeko eta gehiena azaleratu dugula uste dugu”.
Honetaz gain, lubakiko garbiketa lanetan edo taldean parte hartzeko deialdia egin die Islada Ezkutatuak taldeak herritarrei.