Gidabaimena euskaraz Buruntzaldeako autoeskolatan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko maiatzaren 21a

Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo autoeskoletan eskaintzen da gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ateratzeko aukera. Hipodromoan egindako aurkezpenean animatu dituzte herritarrak euskararen aldeko hautua egitea ere, gidabaimena ateratzeko garaian.

Buruntzaldeako udalen ekimenez abiatu zen gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ateratzeko ekimena 2010ean. Geroztik urtetik urtera gora doa eskualdean teorikoa euskaraz ateratzen duten pertsonen kopurua. Lehenengo urtean guztira 34 ikasle izan ziren eta 2014an berriz, 140 izan ziren.

Urtean zehar teorikoa euskaraz ikasi eta gainditu dutenen artean zozketa egiten da eta 400 euro arteko saria eskuratu dezake sarituak. Herri bakoitzeko autoeskola kopuru adina sari ateratzen dira, Lasarte-Orian, hiru. Izan ere, gurean Izarra, Mugika eta Lasarte autoeskolak dira egitasmoan parte hartzen dutenak. 2015ean teorikoa euskaraz gaindituko dutenen artean 2016ko urtarrilean egingo da zozketa. Zozketan parte hartzeko nahitaezkoa da Buruntzaldeako herriren batean erroldatuta egotea.