Bertsolaritzan trebatzeko lehenengo urratsak

Txintxarri Aldizkaria 2015eko maiatzaren 18a

Gu ere bertsotan ekimeneko kurtso amaierako erakustaldia egin dute Landaberri eta Sasoetako 5. eta 6. mailako gaztetxoek. Ikasturtean zehar bertsotan ikasi dutela erakusteko saio originalak aurkeztu dituzte irakasle, guraso eta lagunen aurrean Manuel Lekuonan.

Azken urteetan bezala, ikasturte honetan ere Bertsozale elkarteak eta Lasarte-Oriako udalak herriko ikastetxetan bertsolaritza lantzeko egitasmoa gauzatu dute. Unai Muñoa bertsolaritza irakaslearekin 5. eta 6. mailako ikasleek bertsoak osatu eta hauek kantatzen ikasi dute.

Hilabete guzti hauetan egindako lanaren erakusle izan da gaur arratsaldean Manuel Lekuonan egindako emanaldia. Bertan bildu dira lehenengo 5. mailako sei taldeak, lau Landaberritik eta 2 Sasoetatik, eta ondoren 6. mailakoak.

Saio laburrean taldeka aritu dira oholtzan. Batzuek rap-ak aukeratu dituzte eta salto artean bertsotan hainbat eskaera egin dizkiete guraso eta irakasleei besteak beste, etxerako lan asko ez bidaltzea edota, eskolaz kanpoko hainbeste ekintzekin denborarik ez dutela beste ezertarako. Bertaratutakoen irribarrea eragin dute.

Bigarren saioa 6. mailako ikasleena izan da. Honetan ere estilo ezberdinak hautatu dituzte gaztetxoek. Besteak beste, maitasunaren inguruko bertso elkarrizketak egin dituzte Landaberrikoek eta Sasoetako ikasle talde batek, kanta ezagunen doinuak erabili ditu bertsoak osatzeko.

Guztira 200 bat ikasle izan dira ikasturte honetan zehar ‘Gu ere bertsotan’ egitasmoan parte hartzen.  

Hemen talde batzuek oholtzaratutako bertsoak.