Errekalde eta Lasarte-Oria arteko bidegorria irekita

Txintxarri Aldizkaria 2015eko maiatzaren 18a

1.230 metroko bizikleta eta oinezkoentzako bidea amaituta, Donostia eta Lasarte-Oria lotuta gelditu dira. Bidegorria herritar askoren eskaera izan da azken urteetan.

Aldundiak Errekalde eta Lasarte-Oria bitarteko bidegorria gaur ireki duela jakitera eman du. Maiatza amaierarako lanak amaituko direla iragarri zuen udalak eta hala izan da.

Tarte hori irekita, bidegorri bidez lotuta gelditu dira Donostia eta Lasarte-Oria.  Bidegorria eraikitzeko lanak Campezo enpresak egin ditu, 690.000 euroko kostua izan dute eta bost hilabete inguru iraun dute.

Lasarte-Oria eta Errekalde arteko trenbidea bikoizteko lanak egin zirenean, trenbide zaharra erabat utzita gelditu zen, eta proposatu zen bizikleta eta oinezkoentzako bide bihurtzeko bideragarritasuna aztertzea. Horretarako, azterketa bat agindu zen 2012ko azaroan, eta ondoren, proiektua egin zen.

Bidegorri zatia Errekalden (Donostia) hasten da, GI-21 errepideak (N-I zena) eta Hernaniko errepideak bat egiten duten biribilgunean, ondoren trenbide zaharraren ibilbidea hartzen du eta Urbil merkataritza zentrora iristen da, Lasarteko mugara. Azaldu dutenez, bide guztian zehar LED argiak erabili dira eta tuneletan mugimendu detektagailuak jarri dira argiak pizteko. 

GI-21 errepidearen biribilgunetik gertu bidegorri berriak bat egiten du Donostia-Errekalde bidegorri zatiarekin eta etorkizunean leku horretan bertan bat egingo du baita Donostiatik etorriko den udal bidegorriarekin eta Galarretatik iritsiko den foru bidegorriarekin ere.