Labaka eta Muñoa irabazle sailkapen saioetan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko maiatzaren 18a

Atzo Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseko lehen itzuliari amaiera eman zitzaion Hernanin eta bigarrenari hasiera eman zitzaion Bergaran. Bietan herritarrak genituen lehian arratsaldeko saioetan Hernanin Ane Labaka eta Bergaran Unai Muñoa eta biek lortu zuten garaipena.

Atzo Hernaniko Sandiusterri aretoan jokatu ziren Gipuzkoako Bertso txapelketako lehen itzuliko azken saioak eta 85 bat ikusle izan ziren bertan.

Arratsaldeko saioan Ane Labaka herritarra izan zen kantuan eta garaipena erdietsi zuen gazteak 250 puntu lortuta. Bigarren Josu Oiartzabal izan zen, 241 puntu eta Oier Iurramendik lortu zuen hirugarren postua, 240 puntu.

Baina ez zen sailkapen saioetan lehiatu zen herritar bakarra izan. Bigarren itzuliari hasiera eman zitzaion Bergarako Zabalotegi aretoan eta bertan Unai Muñoa arratsaldeko saiko irabazlea izan zen, 278 puntu. Aratz Igartzabal sailkatu zen bigarren postuan, 254,5 eta Haritz Garmendiak eskuratu zuen hirugarrena, 231,5 puntu.

Muñoa lehen itzuliko saioan ere garaile izan zen. Guztira, 576,5 puntu eskuratu ditu sailkapen fase honetan eta bere bertsoen bataz bestekoa, 6,551eko da. Oraingoz, sailkapen orokorrean hirugarren dago eta Gipuzkoako txapelketarako txartela izango luke.

Bigarren saioa

Anek berriz, maiatzaren 31ean, igandea Zizurkileko goizeko saioan izango du bere puntuaketa loditzeko aukera.

Bestalde, Earra! Bertso eskola Beñat Iguaranek Zizurkilen abestuko du arratsaldean eta Asier Azpiroz ekainaren 6an sailkapen faseari amaiera emango dion Atauneko arratsaldeko saioan izango da lehian.