Literatura eta bertsolaritza eskutik

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 18a, 17:23
“Doinuak Lumaz” da Ttakunek aurten antolatu duen Udaberriko bertso saioaren izena. Emankizuna maiatzaren 29an izango da 22:00etan Manuel Lekuonan eta sarrera 5,50 eurotan eskuratu daiteke kultur-etxean. Hamar sarrerako bonoa ere eros daiteke 45 eurotan. Bertsotan Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Ane Labaka arituko dira.

Literatura eta bertsolaritza uztartuko ditu saio bereziak. Herriko hainbat idazlek testuak prestatu eta Manuel Lekuonan errezitatuko dituzte. Testu hauek izango dira hain zuzen, Ane Labaka, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolarientzat gaiak iradokiko dituztenak.

Udaberriko bertso saioak herriko hainbat eragile bildu nahi ditu urtero bertsoaren inguruan. Iaz “Txio Txio Txorrotxio” saioan, musika izan zen ardatz eta aurrekoan, “Hango eta hemengo” saio arrakastatsuan, aniztasuna. Oraingoan, herriko idazleei eman nahi izan zaie protagonismoa. 

Idatzietako batzuk espresuki saiorako idatzi dituzte idazleek eta beste batzuk, dagoeneko argitaratutakoak dira. Guztira 11 testuk osatuko dute bertso saioa eta egungo idazleen artean, garai batekoak gogora ekarri nahi izan dira. Hala nola, Pedro Artetxe “Urdaneta” eta Juan Garmendia Cortadi “Zeleta”. 

Bertsolariaren kasuan, honen bilobak Miren Artetxek errezitatuko du eta Juan Garmendia Cortadi “Zeleta”-ren “Aurtzaroko oroipenak” 1958. urteko testua oholtzaratuko da Cesar Marcosen marrazkiekin. 
Horiekin batera, Harkaitz Cano, Ixiar Rozas, Martin Anso, Iñaki Petxarroman eta idazle ezagunen artean, Beñat Urruzola gaztearen idatzia ere egongo da. Herritarrak hainbat literatura lehiaketa irabazi ditu.
Berriki Cafe Bar Bilbaoren antzerki laburreko gidoi lehiaketa irabazi duen Idoia Garzes herritarraren testu bat ere izango da. Mari Jose Olaziregi idazlea eta egun Etxepare institutuan euskararen sustapenerako zuzendariak, prestatutakoan bere haurtzaroko Lasarte gogora ekarriko du. 

Aitzol Iriondo presoak azken errezitaldirako idatzitakoa entzun ahal izango da. Honek gainera, Txalaparta argitaletxearekin “Bobby Sands, martxa baten lehen notak” liburua itzuli berri du.
Azkenik, Pablo Barrio alkateak bere testu bat eskainiko du. Alkate lanetan azken lau urtetan jardun den arren, antzezlanak idazteagatik egin zen ezagun hainbat lehiaketatan saritua izan ostean. 
Idazle guztiek ezin izango dute kultur-etxean egon eta grabatuta utzi dute euren idatzien irakurketa. Hala ere, antolatzaileek saio borobila espero dutela aipatu dute.

Musikak girotua
Errezitaldi guztiek musika izango dute lagun eta hitzei doinua jartzen lagunduko dute Amaia Atxega, Amaia Dorronsoro eta Lierni Arozena piano joleek, Bixente Beltranek klarinetearekin eta Tomax Lizardik gitarrarekin. Aipatu bezala, bertsolarientzat idaz-leen testuetatik jasotakoak izango dira gaiak. 

Hala ere, gai jartzaile lana egingo du Uxue Loinazek. Bertsolariek ez dute lan erraza izango, baina ikusleen gustukoa izango da saioa. Antolatzaileek herritarrak animatzen dituzte honetara gerturatzera.