Batera emanda, a ze eztanda!

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 16a, 21:53
Dinbi-Banda batukadak hirugarren urtez dantzan jarri du Lasarte-Oria. Euskal Herri osotik etorritako Zozongo, Buruntzantzan, Sambamaña, Beriba, Kumbalaye, Builaka, Zaparrada eta Batukalek hankaz gora jarri dituzte bazterrak. Giro ederra izan da, eguraldia arratsaldean petral samarra izan bada ere. Euskal Herriko 3. Batukada topaketaren bidez perkusioaren bilgune bihurtu da herria asteburuan.

Ikastaroekin hasi dute eguna. Rezibatukada, body percussion eta dantza afrikarren erritmoak ezagutzeko aukera izan dute Manuel Lekuona kultur etxean; Okendon berriz, txalaparta tailerra egin dute. Bestalde, haurrek Porrotxen bisita jaso eta jolasak egin dituzte Okendoko karpan.

Eguerdian txilibitu eztandarekin eman diote hasiera kalez kale ibili den Do Ta Ke txarangari, poteoa girotuz. 

Indarrak berreskuratzeko haragi paella edo begetala izan dituzte aukeran parte-hartzaileek eta behin tripak beteta, Okendo ingurua sanbodromo bihurtu dute. Jendea bide bazterretan perkusio soinuen erritmora mugitu da eta eguraldia lagun, primeran pasatu dute bederatzi batukadetako kideek.

Behin Okendora iritsita, eta eguraldia kaxkartzen joan ahala, bederatzi batukadetako bakoitzak bost minutuko emanaldia eskaini du plazan eta ekitaldi nagusia amaitzeko, topaketako erritmo bateratua jo dute bederatzi batukadetako ehun bat lagunek batera.

Gauean Skakeitan taldearen kontzertuarekin eman zitzaion amaiera erritmoz betetako egun alaiari.

EHko 3. Batukaden Topaketako argazki galeria